Txirrindularitza

Ailetz Lasa eta Iker Mintegi, 23 urtez azpiko Giroan

Guaixe 2022ko eka. 15a, 10:18
Ailetz Lasa eta Iker Mintegi tropelean. ARTXIBOA

Larunbatean despedituko da proba ezagun eta gogorra. Gaur atseden jardunaldia dute, mendiko etapa gogorren ostean

Bigarren urtez jarraian Laboral Kutxa 23 urtez azpiko Giroan ari da parte hartzen. 15 herrialdetako 35 talde ari dira lehiatzen. Laboral Kutxako boskotean bi sakandar daude, Iker Mintegi Claver altsasuarra eta Ailetz Lasa ziordiarra. Unai Zubeldia, Enekoitz Azparren eta Xabier Berasategi dituzte taldekide. Egunero borrokan aritu dira Ion Lazkanoren agindupean. Giroa “ikasketa prozesu aukera bikaina” dela deritzo Lazkanok, “egunero maila handian aritzea eskatzen baitu. Ikasten duten guztia etorkizun hurbilerako lagungarria izango da”. 

Maila onean dabiltza Laboral Kutxakoak. Igandeko etapan Unai Zubeldiak “maglia bianca” jantzi zuen, lehen urteko txirrindulari onena saritzen duen elastikoa, eta astelehenean goi mailako mendiarekin lehen kontaktua izan zuten. 

Datorrena
23 urtez azpiko Italiako Giroa menditsua da, erlojupekorik gabekoa eta atseden jardunaldi batekin, gaurkoa, asteazkenekoa hain zuzen. Ostegunean Buscan hasi eta Peveragnon despedituko den etapa gorabeheratsua izango dute (146,6 km), eta ostiralean etapa menditsua dute aurretik, Bovesen hasi eta kategoria bereziko Colle Fauniera gainean (2.480 m.) despedituko dena, 21,2 kilometroko igoera, %7,5eko maldekin. Azken etapa larunbatean jokatuko da, Cuneon hasi eta Pinerolon despedituko dena (121 km).