Atletismoa

Kintanaren eta Mendietaren Grupompleo bosgarren Kluben Arteko Espainiako Atletismo Txapelketan

Guaixe 2022ko eka. 16a, 09:30
June Kintanaren jaurtiketa, La Nucían. PAMPLONA ATLETICO

Jaurtitzaile bakaikuarrak emakumezkoen disko jaurtiketan bigarren izan zen eta korrikalari olaztiarra 800 metroko lasterketan zortzigarren sailkatu zen

Asteburuan Kluben Arteko Espainiako Atletismo Txapelketak jokatu ziren La Nucían, eta bertan Grupompleo Pamplona Atlético taldea lehiatu zen, emakumezkoetan eta gizonezkoetan.

Larunbatean emakumezkoen txanda izan zen. June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrak lan ona egin zuen eta 54,60 metroko jaurtiketarekin, txapeldunordea izan zen. Bere taldekideek egindako lanari batuta, bosgarren sailkatu ziren Grupompleo Pamplona Atlético taldeko emakumeak, Valencia, Playas de Castellon, Barcelona eta Atletico San Sebastian taldeen atzetik.

Gizonezkoen txapelketa igandean jokatu zen. Ruben Mendieta olaztiarrak 800 metroko lasterketan parte hartu zuen eta zortzigarren sailkatu zen, lan ederra eginda. Taldekide guztiek egindako lanari esker, tartean podiumak –Juan Luis Bravo lehena izan zen pertikan, Iker Alfonso lehena 400 metro hesietan, Jacobo Soler bigarren 400 metrotan, Manu Quijera txapelduna xabalinan eta Irarte, Cardenas, Larraz eta Illarramendi hirugarrenak errelebotan– Grupompleo Pamplona Atlético bosgarren sailkatu zen Kluben Arteko Txapelketan, Playas de Castellón, Barcelona, Real Sociedad eta Atletico Numantino taldeen atzetik.