Paleta Goma

Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoa igandean erabakiko da, Altsasun

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 16a, 10:45

Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten igandeko final handia, Altsasuko Foru plazan. Irati Igoa, Paula Gorostiaga, Amaia Espinal, Olaia Eizagirre, Juancal Quevedo eta Olaia Sarasibar finalistak izan ziren ekitaldian

Altsasun jokatuko dira II. Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko final handiak, igandean, 12:00etan, Burunda frontoian. Kadeteetan Aroa Arrosagaraik eta Amaia del Riok Uxue Urgoiti eta Maialen Bengoetxea izango dituzte aurkari; 22 urtez azpiko finalean Naroa Otxoa eta Olaia Eizagirre etxarriarrek Juncal Quevedoren eta Olaia Sarasibarren kontra jokatuko dute; eta elite mailako finalean Irati Igoa etxarriarrak eta finalerdian lesionatu zen Uxue Murillo ordezkatuko duen Paula Gorostiagak Amaia Espinal eta Laura Saez Arzamendi izango dituzte aurkari. Sarrera doan izango da, eta joan zen urteko finalean Etxarri Aranatzen bizi zen festa eta giro berbera bizitzea espero dute antolatzaileek. Eliteko finala Navarra Televisionek eskainiko du zuzenean. 

Finalean aurkezpenean Miguel Pozueta Nafarroako Kirol Institutuko kudeatzaileak, Javier Conde Nafarroako Pilota Federazioko presidenteak, Javier Ollo Altsasuko alkateak eta probako babesle nagusi Laboral Kutxako Izaskun Erdozia izan ziren. Ollok azaldu zuen finalak hartzea proposatu zietenean "ez zutela zalantzarik izan, emakumezkoen kirola ikustarazteaz gain, finalak Altsasu herria ere ikusgai jartzen duelako". Herritarrak frontoira hurbiltzea animatu zituen, "ikuskizun bikaina" izango delako. 

Condek palista nafarren maila goraipatu zuen. "Gure artean Espainiako txapeldunak ditugu". Halaber, emakumezkoen pilotak gorakada nabarmena duela azaldu zuen. "Emakumezkoen 250 lizentzia gehiago izan ditugu. Guztira 2.000 lizentzia baino gehiago ditugula kontuan hartuta, kopuru ederra da. Kalitatean ere salto handia egin dute. Emakumezkoen pilotak etorkizuna du" azaldu zuen. Pozuetak argi utzi zuenez, "emakumezkoen kirola eta gure lurraldeko kirola, pilota, babestu eta sustatzen dugu, eta hala jarraituko dugu". "Igandea egun handia izango da Altsasun, palisten maila ikusgarria delako". 

Guztiek torneoa antolatu ahal izateko Laboral Kutxa babeslearen ahalegina eskertu zuten. "Guretako poz handia da hemen egotea eta emakumezkoen kirola sustatzea" azaldu zuen Erdoziak, eta finalistei zorte ona opa zien. 

Final gogorrak espero dituzte
Aurkezpenean egon ziren finalisten artean Olaia Eizagirre eta Irati Igoa etxarriarrak zeuden. Naroa Otxoa ezin izan zen hurbildu. Torneoko 22 urtez azpiko mailan Olaia Eizagirrek Naroa Otxoa etxarriarrarekin osatu du bikotea, “biak etxarriarrak gara, baina lehenengoz aritu gara torneo batean elkarrekin. Martxa hartuta, elkarrekin gustura gaude” azaldu zuen Eizagirrek. Quevedoren eta Sarasibarren kontra “partida gogorra” espero du. “Ligaxkan euren kontra jokatu genuen, 15 tantotara, eta partida lehiatua izan zen. Galdu genuen, baina finala beste partida bat izango da, 30 tantotara baita. Ongi jokatzea espero dugu” adierazi zuen.

Ildo beretik mintzatu zen Irati Igoa elite mailako finalista. Bere taldekide Uxue Murillo finalerdian lesionatu zen, eta modu berezian sailkatu zen finalerako, azken tantotan berak bakarrik jokatuz. “27 eta 23 irabazten geundela lesionatu zen Uxue, eta bakarrik jarraitzea erabaki nuen, ahal nuena egitea. Eustea, eta ahal nuenean tantoak bukatzea. Azkenean 30 eta 25 irabazita sailkatu ginen” dio, irribarrez. Murillok finala ez jokatzeagatik "pena" dute guztiek, baina min hartuta dagoenez, Paula Gorostiagak ordezkatuko du Murillo. Finaleko aurkariak, Amaia Espinal eta Laura Saez Arzamendi, aspaldiko ezagunak dira. “Ligaxkan irabazi genien, baina finalean partida berria dugu aurretik. Partida luzea izango da, beroa, eta gogorra. Ea final polita den” opa du etxarriarrak. 

Hiru etxarriar Nafarroako Foru Komunitatea Paleta Gomako Torneoko finaletan, handia da hori. Jakina, lagunen eta senitartekoen babesa espero dute. “Abisatuta daude, eta finalak Altsasun direnez, ez dago aitzakiarik” diote irribarrez. 

Neskak pilotan eta palan izena ematera animatu dituzte
Altsasun eta Etxarri Aranatzen emakumeen pala eta pilota eskolak daude, eta Altsasuko kirol teknikari Sara Salazarrek bertara gerturatzera, probatzera eta izena ematera animatu zituen neska sakandarrak.