Festa ereduaren hausnarketa eta lanketa feminista eskatu dute

Guaixe 2022ko eka. 22a, 10:02
Sakanako mugimendu feministako kideak.

Mugimendu feministak udalei eta herrietako festak antolatzen dituzten batzorde eta bestelako eragileei ospakizunen antolakuntzan kontuan izateko bost eskaera egin die. Bestalde, gizonezkoei festetan zaintza eta etxeko lanak bere egitea eta erasoen aurrean jarrera aktiboa izatea eskatu diete.

Festen garaia bertan dago eta udalak, herrietako batzordeak eta eragileak haiek antolatzen ari direla jakinik, Sakanako mugimendu feministako kideek ospakizunen antolatzaileei egitarauak egiterakoan bost gai kontuan izateko eskatu diete. Alde batetik, festen antolakuntzan herrietako talde feministen eta emakume anitzen parte hartzea bermatzea edota horien ekarpenak eta proposamenak kontuan hartzea. Bestetik, egitarauak prestatzerakoan genero estereotipoak eta rolak irauli eta balio eta eredu eraldatzaileak lantzen dituzten jarduerak programatzeko eskatu diete. 

Horrekin batera, mugimendu feministatik festen antolatzaileei eskatu diete "emakume* sortzaileak eta kulturgileak protagonista diren ekimenak antolatzeko". Aldi berean eskatu diete "emakumeek* hainbat esparrutan egin dituzten ekarpenak aitortu eta balioa emateko". Eta, azkenik, festetan gertatzen diren eraso matxista, lesbofobo, homofobo, transfobo eta arrazistak arbuiatzeko eskatu dute. 

Gizonezkoak
Mugimendu feministako kideek festei begira gizonezkoei bi eskaera egin diete. Lehenik, "jaietan ere etenik ez duten zaintza lanak (haurrena, adinekoena edo mendekotasuna dutenena) eta etxeko lanak (jatekoak prestatu, arropa garbitu…) beraien gain hartu eta erantzunkidetasunez jokatzeko" eskatu diete. Bigarrenik, gizonezkoei "gerta daitezkeen erasoen konplize ez izateko eta horien kontrako jarrera aktiboa hartzeko" eskaera egin diete. Festa giroan izaten diren erasoetako batzuk zerrendatu dituzte: esan eta txiste matxistak, ukituak, irainak, mespretxuak… 

Feministek azaldu dutenez, "festak herritar guztiendako gozagarri izanen diren espazio seguruen alde lanean jarraituko dugu, besteak beste, eraso sexistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokoloak herrietan eta tokiko eragileekin landuz". Izan ere, "jai eremu eta guneetan euforia eta hainbat drogen kontsumoaren ondorioz eta 'dena libre' denaren aitzakian, ohikoak dira emakumezkoen eta bestelako genero identitate eta adierazpenekiko hainbat eratako eraso matxistak".