Astekaria

"Etxeen energia birgaitzeari buruzko interes handia dago"

Guaixe 2022ko eka. 22a, 14:02
Amaia Los Arcos Larunbe da Nasuvinsako bulegoaren arduraduna.

Nasuvinsa enpresa publikoak etxebizitzen energia birgaitzea sustatu eta laguntzeko Larraun eta Sakanarako bulegoa zabaldu du Lakuntzan Sakanako Mankomunitateak duen egoitzan. Amaia Los Arcos Larunbe bulegoko arduraduna da. 

Zerbitzu berria lehendik han dagoen Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren osagarria izanen da, biak "elkarlan estuan" ariko dira, elkarren "osagarriak" baitira. Laguntza teknikoko zerbitzu berriak Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan dago eta etxebizitzen energia birgaitze proiektuak dinamizatzen ditu. Harekin harremanetan jartzeko 646 319 053 telefono zenbakira hots egin edo alosarcl@nasuvinsa.es e-posta helbidera idatzi. 

Zer da Elena Primavera proiektua?
Nafarroako eskualde guztietara Nasuvinsak duen esperientzia eramaten du. Proiektua joan den urteko apirilean abiarazi zuten eta ni ilbeltzean hasi nintzen lanean. Guk aholkua eta laguntza teknikoa ematen diegu bai udalei bai partikularrei. Gainera, energia birgaitze proiektuak garatu eta lor daitezkeen dirulaguntzak lortuz. Jendeari proeiktua bideratzeko gauzak erraztea eta prozesu osoan laguntzea da gure lana. 

Etxebizitzen energia birgaitzea, zehazki, zer da hori?
Labur esanda: gure etxeek kontsumitzen duten energia murriztea da. Horrela, gure etxebizitzen isuriak jaisten dira. Dirua aurreztuko dugu, eta klima aldaketaren kontrako pauso bat da. Gure etxeetan eskura duguna egitea da. Nafarroako etxebizitzen erdiak baino gehiagok ez du inolako isolamendurik. 300.000 etxebizitzak baino gehiagok zentzu horretan behar handiak dituzte. 

Fatxadak, leihoak… 
Inguratzaile termikoari buruz hitz egiten dugu guk. Hori gure etxeen azala da: estalkia, leihoak, fatxadak… Berogailurik gabeko azalera guztia. 

Eta berokuntza sistema? 
Energia birgaitzeaz hitz egiten dugunean lehenengo pausoa izanen litzateke gure kontsumoa murriztea inguratzaile termikoarekin. Bigarren pausoa litzateke instalazioekin lotuta dagoena. Behin gure kontsumoa murriztu dugula, gure etxea zer nolako energiarekin berotu azter dezakegu. Horretarako ere dirulaguntzak badaude. Bi gauza batera dira.

Ibarreko etxebizitza parkea aztertu duzue? 
Proiektua martxan jartzean herriak aztertu genituen. Eraikuntzen urteekin duten zaurgarritasun maila ikusi da. Dauden lehentasunak jakinda, lana alde batera edo bestera zuzentzera eraman gaitu. 1980 aurreko etxebizitza asko dago. Ordura arte ez zegoen eraikinen inguruko termika araudirik. Intereseko eremu asko daude. Garrantzitsua da jakitea Europako dirulaguntza horiek familia bakarreko etxebizitzak ere hartzen dituztela, orain arte kanpo baitzeuden. Hemen halako asko dago, eta dirulaguntza eska dezakete. 

Sakanan halako lanak egiteko interesa dago? 
Handia. Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoari esker aurretik energia birgaitze asko egin da ibarrean. Beste eskualde batzuekin alderatuta abiatzeko abantaila da hori, jendeak badakielako zertaz ari garen hitz egiten. 

Aldea egonen da lanak egin ondoren, ezta?
Halako lanak egin dituzten jendeak konforta, erosotasuna, aipatzen du gehien. Orain etxean lehen baino askoz hobe egoten dela esaten dute. Badaude etxeak gabezia termiko oso handiak dituztenak, esaterako korronteak, azkar hoztea, hotsak, hezetasunak… Halakorik gabe bizi ahal izatea da jendeak gehien baloratzen duena. Kontsumoak dezente murriztu daitezke, beti ere, abiapuntuaren arabera. Zaharberritu ondoren, energia kontsumoa desberdina da. 

Herritarrekin nolako harremana duzue?
Haiekin harremanetan gaude eta pisuen komunitate bileretara joan behar badugu, azalpenak ematera joaten gara. Gure helburua jendea informazioa helaraztea eta zalantzak argitzea baita. Askotan gauza hauek ez dira ulertzen errazak, eta dirulaguntzak eskatzea ere ez da erraza. Gure lana hori guztia ahal duguna erraztea da. Jendeak zein interes duen jakiteko dagoeneko zenbait herritan bilerak egin ditugu. Elena Primaveraren barruan Esku hartze Globaleko Proiektuak daude, jaso daitezkeen dirulaguntzak handitzen dituztenak. Halako proiektuak egiteko 11 eskaera jaso ditugu eta  zazpi garatzen ari gara, hainbat herritan daude Esku hartze Globaleko Proiektu horiek. 

Dirulaguntzak zenbatera artekoak izan daitezke? 
5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan etxebizitzako 20.000 eurora arteko dirulaguntza jaso daiteke. Nafarroako Gobernuaren laguntzak %40 eta 50 arteko dirulaguntza eman dezake (20 urte baino gehiago dituzten etxebizitzetarako). Eta Europak, berriz, %50. Aurrekontuaren %70 edo %80ko dirulaguntza jaso dezakezu, baina beti dago gehienezko diru kopuru bat etxebizitza bakoitzeko. Europako dirulaguntza lerro asko daude gaur egun (etxebizitzek 20 edo 25 urte izatea eskatzen dute). Batzuk Nafarroako Gobernuenarekin bateragarriak dira, beste batzuk ez. Esandakoa, hainbat dirulaguntza deialdi daude, orain arte egon ez direnak. 

Udalak ere sartzen dira?
Ez, etxebizitza pribatuak bakarrik. Halako lanak egiten 40 milioi euro mugitzea da gure helburua. Baina udalek gaiarekiko interesa dute eta laguntza handia ematen digute. 

Bost udalek hitzarmena sinatu dute? 
Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza eta Etxarri Aranazko udalekin sinatutako hitzarmenak Esku hartze Globaleko Proiektu batzuk sustatzeko aukera ematen du. Auzoko ate guztien ikerketa egiten da eta halako proiektua izanda Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak hobetzen dira. Sakanako gainontzeko hamar udalekin harremanetan gaude eta aholkua eta estaldura teknikoa ematen diegu. Sakandar guztiak laguntzeko gaude. 

Eta hori zenbat denboran? 
Proiektua 2024ko apirilaren 24ra arte egonen da, eta beste urte batez luzatu daiteke. Dirulaguntzak eskatzeko epe batzuk daude eta beste batzuk lanak despeditzeko, dirulaguntzaren araberakoa da hori. Momentu honetan interesgarriena da jakitea dirulaguntzak eskatzeko epeak daudela. Esaterako, 25 urte baino gehiago dituzten familia etxe bakarrendako PREE 5000 bateragarria da.