Gazteen hilabeteko euskarazko abenturara doaz jzioquitarrak

Guaixe 2022ko eka. 23a, 14:04
Sakanatik EuskarAbenturara joanen diren neskak.

EuskarAbenturan parte hartzen dutenek jasotzen dute jzioquitar izena. Euskararen lurralde guztietako 128 gazte, 9 sakandar tartean, garilean, 31 etapatan, Euskal Herriko Donejakue bideetan barna 700 km pasa eginen dituzte, haietatik 500 oinez.

Gazteago zirela parte hartu zuten Ruta Quetzal espedizioko oroitzapen ederrak gordeta, haren "euskal aldaera bat" sor zitekeela sinetsita, hamar gaztek irabazi asmorik gabeko EuskarAbentura elkartea sortu zuten. Ideia ondu ondoren, 2018an aurreneko espedizioa antolatu zuten. Eta ordutik, pandemia gorabehera, ideia berari eusten diote: Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako (aurten ez dago) 16 eta 17 urte arteko gazteak euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa antolatzea. Bi urteren ondoren, ohiko formatura bueltatu da aurten EuskarAbentura. Eta, beraz, espedizio ibiltariak Maule eta Getxo arteko bidea eginen du 31 etapatan. Gazteek aldean eramango dute hilabeteko espediziorako behar duten guztia, besteak beste, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dute aterpe.

EuskarAbenturak hizkuntza, gizarte, ekonomia eta kultura errealitate anitzeko gazteak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango ditu. Beraiendako esperientzia ahaztezina izanen dena euskaraz biziko dute. Antolatzaileen helburua da parte hartzaileek "gure mendietan, kostaldean, erreketan, herri nahiz hirietan goza dezatela; kanta, dantza, negar, irri eta amets egin dezatela; adiskide berriak, ligoteoa, eztabaidak, besarkadak... sor daitezen nahi du EuskarAbenturak, eta hori guztia euskaraz gerta dadila. Espedizioak iraun bitarte, eta gerora aurrera egingo duten harremanetan ere".

Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzearekin batera, gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatu nahi du EuskarAbenturak. Horrekin batera, Euskal Herriko natura, historia eta kultur ondasunaren inguruko transmisioa bermatu nahi dute. Ziurtatu dutenez, "EuskarAbentura esperientzia bizitzeak badakar, berez eta izatez, hainbat baloreren lanketa, hala nola, parekidetasuna, elkarbizitza, elkarrenganako errespetua, ardura eta zaintzak, bizi-ohitura jasangarri eta osasuntsuak, edota turismo eredu jasangarria". EuskarAbenturako parte hartzaileen artean daude 20 arabar, 37 bizkaitar, 37 gipuzkoar, 7 lapurtar, Nafarroa Garaiko 28 lagun eta Nafarroa Behereko 1. 128en artean bederatzi sakandar daude. Beste batek ere parte hartu behar zuen, baina min hartu du eta ezin izanen da espediziora joan. Gazteekin batera 30 helduk osatuko dute ibilbidea. Gazteek elastiko laranja jantziko dute, urdina helduek. 

Sakandarrak
Donemiliagan X. mende inguruan idatzitako Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu glosagatik hartzen dute espedizioko kideek jzioquitar izena. Aurten bederatzi jzioquitar sakandar daude: Leire Mendinueta Azpiroz eta Maia Novoselsky Jaka arbizuarrak, Ainhoa Astiz Lopez de Goikoetxea urdindarra, Eneko Andueza Martinez de Apellaniz, Irati Rubio Bergara, Katrin Andueza Zornoza eta Itziar Anton Garcia altsasuarrak eta Olatz Bados Andueza olaztiarra dira. EuskarAbenturaren berri nola izan zuten galdetuta, Leirek azaldu duenez, ikastetxera aurreko edizioan parte hartu zuten neska eta mutiko bana joan ziren eta espedizioaren berri eman zieten. "Beraien esperientzia kontatu ziguten, nola ibili ziren, izena emateko egin beharrekoak ere". Gainontzeko kideek Leirek esandakoa berretsi dute. Entzun eta ikusi zuten aurkezpenetik Katrini gehien gustatu zitzaiona izan zen "jende berria ezagutzeko esperientzia bikaina izanen zela, euskalki berriak praktikatu ahal izateko eta mendiak eta lekuak ezagutzeko" aukera. Ados azaldu dira gainontzeko zortzi espedizio kideak. 

EuskarAbenturan izena emateko arrazoiak ugariak dira. Maia ez zen aurkezpenaren egunean egon, "baina hurrengo egunean lagunek zer zen kontatu zidaten eta gustatu zitzaidan, halako gauzak gogoko ditudalako. Izena eman nuen, galdetu nuen eta beste inork ez zuen eman nahi". Ainhoari aurkezpenean entzundako guztia erakarri zuen, "esperientzia oso ona izango zela ikusi nuen eta batzuk izena ematera animatu ginen, eta ikastolatik bi aukeratu gaituzte". Jare uste du EuskarAbenturan parte hartzea kultura eta jende berria ezagutzeko aproposa dela, "Katrinek esan bezala, euskalki berriak ezagutzeko eta kirola egiteko ere aproposa dela uste dut". Enekok aurreko ikasturtean espedizioaren berri izan zuenetik garbi zuen joan nahi zuela, "Jende asko ezagutzea, kirola egitea… plan bikaina, kristorena iruditu zitzaidan. Niri kirol egitea nahiko gustatzen zait. Gainera, txikitatik udalekuetara joan izan naiz eta primeran pasatzen nuen". Bigarren saiakeran aukeratu dute. 

Itziarri ikastetxeko aurkezpenak arreta piztu zion. "Lagunekin izena emateko hitz egin nuen, baina bakarrik eman nuen. Banekien beste batzuek lana aurkeztu zutela. Jende berria ezagutzeko, harreman berriak sortzeko eta leku eta euskalki berriak ezagutzeko" eman du izena. Iratiren anaiaren lagun batzuek duela bizpahiru urte parte hartu zuten EuskarAbenturan. "Esan zidaten nolakoa zen. Aurreko urtean apuntatu ginen gelako batzuk, baina ez ziguten onartu eta aurten berriro eman dugu izena eta batzuk aukeratuak izan gara". Olatzek ere aurreko urtean izena emandakoa da, baina ez zuten aukeratu, bai, ordea, bere koadrilako bi. "Bueltatu zirenean beraien esperientzia kontatu zidaten eta aurten berriz saiatu naiz". Leireri kirola asko gustatzen zaio eta, batez ere, jende berria ezagutzea. Katrinek espedizio kideen arrazoi berak eman ditu izena emateko. Enekok joan den urtean lagun batekin batera egindako abesti batekin proba egin zuen eta aurten historia proiektu bat aurkeztu du. "Arropak urtetan izandako bilakaerari buruzko azterketa bat egin dut. Zer arropa eta zenbat arropa zuten gure aiton-amonek eta zenbat erabiltzen dugun guk orain. Bilakaera". 

Lana 
EuskarAbenturan izena eman ondoren hautaketa prozesu bat pasa behar da. Lan bat eta aurkezpen bideo bat bidali behar da. Lana proposatutako hiru gaietako baten inguruan egin behar zuten: gure aisiaren espazioa: porlana vs. ingurune naturala; fast fashion vs. modu jasangarrian janzteko ereduak eta zer ginen, zer gara, zer izango gara. Izena emandakoek aurkeztutako lanak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEUS fundazioko 20 kidek aztertu zituzten eta epaimahaiaren galbahearen arabera hautatu zituzten parte hartzaileak. 

Sakandarrek denetariko lanak aurkeztu zituzten. Olatzek azken gaia aukeratu zuen eta "eguneroko baten moduko ipuina" idatzi zuen. "Antzinako baserriko istorio bat kontatu nuen. Amona batek bere egunerokoa idazten zuen. Urte batzuk pasa ondoren bere ilobak aurkitu eta berak ere eguneroko idazten zuen". Iratik ere gai bera duen ipuin bat aurkeztu zuen, baina aitortu duenez, "kaka bat da. Ez dakit zergatik aukeratu nauten. Lagunekin poteatzen dagoen emakume bat ikusten du nola aldatu izan den, lehen jendeak euskaraz hitz egiten zuela, orain gutxiago. Iraganean euskararekin zer gertatuko zen pentsatzen zuen". Itziarrek, berriz, gaiarekin zalantzak izan zituen. "Azkenean EuskarAbentuari, etapei eta han egiten diren harremanei buruz hitz egiten zuen abesti bat egin nuen ahotsa eta gitarrarekin". 

Jarek Altsasuko Agate deunari buruzko lana egin zuen: "nire amonaren esperientzia grabatu, gero nire amarena eta nire ahizparena. Emakumeak ospakizun horretan nola bizi ziren eta nola bizi dira gaur egun azaldu nuen; aurrerapenak egon direla, lehen emakumeek ez zutela plazan dantzatzen eta orain bai, lehen ezin zirela bazkaritara joan eta orain bai, eta halakoak". Ainhoak "hasiera-hasieratik" bazekien margolana eginen zuela eta hirugarren gaia aukeratu zuen. Irudia batez ere akuarelekin egin zuen, nahiz eta errotulatzaileak ere erabili. Margoaren haren esanahia azaldu zuen. Maiak hirugarren gaia oinarri hartuta ipuina idatzi zuen: "gure neskato gazte bat bere amonarekin baserri batean bizi zen eta amonak bere nerabezaroko istorioak kontatzen ditu, baina gauza politetan oinarrituta. Neskak garai horietara joateko ametsa du. Eta egun batean esnatu eta bere amona da. Esperientziak bizitzen ditu. Kasualitatez gerra zibilean daude. Neskak bere garaira bueltatzen da eta ohartzen da direnagatik direla gaur egun". Maiak azaldu zuenez, "Katrinek ipuina garatzen lagundu zidan". 

Katrinek argi zuen margolana aurkeztuko zuela, eta, azkenean, hirugarren gaia aukeratu zuen eta triptikoa osatu zuen denbora bakoitzari zati bat eskainiz. Haren bidez adierazi nahi zuen "daramagun bizimoduarekin, naturarekin eta inguratzen garaipenarekin bukatuko dugula". Leirek ere margolana aurkeztu zuen, "lehengo biziari eta oraingoari buruz. Agure batek bere haurtzaroa gogoratzen eta gero agertzen dira nerabe batzuk mugikorrarekin". 

Ibilbideaz
Espedizioan egin beharreko ibilbidea aztertu duten galdetuta, "zaila, oso gogorra" dela azaldu dute, Enekoren ustez itxura ona du. Entrenamenduez galdetuta, gehienak oraindik ez direla hasi esan dute, ikasturtea despeditzean hasiko dira. Garbi dute entrenatuta joan beharko dutela. Neskek toki zehatz bat ezagutzeko gogorik ez dute, "dena ezagutu nahi dugu", esan dute. Enekok, ordea, Iparraldeko hiru lurraldeak, hango jendea, eta Bizkaia gehiago ezagutzeko gogoz abiatuko da, gainontzeko lurraldeak ezagutzen dituelako. Espedizioaren izena osatzen duten bi hitzetako bat aukeratzeko eskatu eta "zaila" dela adierazi dute. Bien artean aukeratzen ez dakiela esan dute Leirek, Jarek, Itziarrek. Katrinek euskararen alde egin du. Maiak abenturaren alde egin du, "zeren azkenean, euskara badugu". Eneko ere abenturak erakartzen du, "euskalduna kontsideratzen naiz, aparte da, euskararik gabe ongi pasa edo abentura bat izan dezaket. Baina horrela hobe". Ainhoak, Iratik eta Olatzek ere abentura aukeratu dute

Aurtengoa edizio jendetsuena dela jakinarazi du Maiak. Heldu den astean Whatsapp taldea sortuko dutela jakinarazi dute. Eta, apika, beraiek izanen dira heldu den ikasturtean ikastetxeetan EuskarAbenturari buruzko azalpenak emanen dituztenak.