Txirrindularitza

23 urtez azpiko Giroan lan ederra egitetik itzuli dira

Guaixe 2022ko eka. 20a, 12:20

Ailetz Lasa, helmugara heltzean. LABORAL KUTXA

Laboral Kutxako Iker Mintegi eta Ailetz Lasak Giro gogorrari eutsi zioten

Larunbatean despeditu zen, Pinerolon, aste bat iraun duen 23 urtez azpiko Giro gogorra, Hagens Berman Axeon taldeko Leo Hayter britainiarrak irabazitakoa (24:21.52). Hayterrek 2 minutu eta 12 segundo atera zizkion Lennert van Eetvelt belgiarrari. Goi mendiko etapak, etapa gorabeheratsuak, luzeak, sterratoa, berotzarra... denetatik izan du Giroak. Bertan lehiatu ziren Laboral Kutxako Iker Mintegi Claver altsasuarra eta Ailetz Lasa ziordiarra. Biek lan ona egin dute. Mintegi 90. sailkatu zen, 1:24:03-ra, eta Lasa 110., 1:44:39ra. 

Nazioarte mailako proba batean esperientzia hartzea zen helburua, eta lortu dute. “Asko ikasteko egunak izan dira hauek Laboral Kutxa taldeko gazteendako, 23 urtez azpiko Giroan, nazioarteko maila gorenean. Lasterketa guztietan bezala, une onak eta beste batzuk ez hain onak bizi izan dituzte, eta normalean azken horiek sortzen dute ikaskuntza handiagoa. Eta horixe da, hain zuzen ere helburua, taldeko gazteek munduko lasterketarik onenetara joan ahal izatea, txirrindulari gisa hezi daitezen. Gure harrobia, gure etorkizuna” azaldu du Laboral Kutxa taldeak, egindako lanarekin kontentu.