Pilota

Sanfermin gogoz

Guaixe 2022ko eka. 22a, 10:25
Argazkia toki berezian egin zuen, San Lorenzo elizako San Ferminen kaperan. BAIKO

Sanferminetako pilota feria aurkeztu zuten asteartean santuaren ondoan. Binakako torneoan Ezkurdiak eta Martijak bikotea osatuko dute eta Zabaletaren bikotekidea Irribarria izango da

Sanferminek betiko itxura hartuko omen dute. Itxaropen hori dute pilotazaleek ere, sanferminetako Labriteko betiko jai giroa bueltan dela. Asteartean aurkeztu zuten Sanferminetako pilota feria babesle nagusiaren, CaixaBank-en egoitzan, baina argazkia toki berezian egin zuten,SAn Lorenzoko elizan, zapi gorria jantzita, San Fermin santuaren kaperaren ondoan. 

Uztailaren 7tik 14ra, guztira bederatzi jaialdi eta 26 pilota partida antolatuko dira lepo betetzea espero den Labriten. Binakako torneoan sei bikote lehiatuko dira. A multzoan Irribarria-Zabaleta, Altuna III-Rezusta eta Urrutikoetxea-Imaz, eta Eta B multzoan Ezkurdia-Martija,  Laso-Mariezkurrena eta Jaka Albisu. Egungo izarrekin, ezer gehiago eskatu dakioke San Fermini, eta txapelketa ikusgarria aurreikusten da. “Torneoa ikusgarria izanen da, pilotarien maila oso handia da” zioen Aspeko zuzendari komertzial Inaxio Errandoneak. Finala uztailaren 14an jokatuko da. 

Joseba Ezkurdiak uztailaren 7ko eguerdian jokatuko den Nafarroako lau eta erdiko finalean egon nahi duela aitortu zuen. Horretarako, lehenik eta behin, larunbatean Muskizen Elezkano II.a mendean hartu beharko du. “Sanferminetako gogoa dut, Labriteko giro itzela bizitzeko gogoa. Sanferminetako lau eta erdiko finala jokatu nahiko nuke” azaldu zuen aurrelari arbizuarrak. 

Bestalde, uztailaren 13an Urzante Desafioa izango dute jokoan Aspeko eta Baikoko pilotariek. Lau eta erdian Peio Etxeberriak Peña II.a izango du aurkari, buruz buru Dariok Artola, eta binaka Sanferminetako torneoko finaletik kanporatutako bikoteek. 

Sarrerak, ia agortuta
Sanferminetako jaialdiko sarrerak salgai daude eta oso sarrera gutxi geratzen omen dira.