Osasun eskualdearen egoeraren "larria" Parlamentuan azaldu dute

Guaixe 2022ko eka. 23a, 10:44
Javier Ollo Martinez, Javier Paz Miño, Ainhoa Unzu Garate, Joseba Vizuete Askargorta eta Olatz Iriziar Martinez Osasun Batzordean. NAFARROAKO PARLAMENTUA

Altsasuko osasun eremuko presidente Javier Paz Miñok eta hiru alkateek, Javier Ollo Martinez, Joseba Vizuete Askargorta eta Olatz Irizar Martinez, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean lan bilera izan zuten atzo. 

Lau burundarrek Nafarroako Parlamentuan egindako bileran adierazi zutenez, "gure oinarrizko osasun eskualdearen egoera oso larria da". Azalpenak eman ondoren Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi eta koalizioetako bozeramaileek hitza hartu zuten. Navarra Sumako Cristina Ibarrola Guillenek esan zuenez, "Lehen Arretaren egoera larriagoa da Altsasuko eremuan. Baina Nafarroan aspaldi dago gaizki. Azken hiru urteak abisatzen ari gara, baina gauzak ez dira konpontzen arazoak daudela ezkutatuz". Osasun kontseilariari hori leporatu zion Ibarrolak, eta "kudeaketarako gaitasun eza" izatea leporatu zion, "baliabideak badaudelako". Herritarrei eta udalei "gezurra" esatea aurpegiratu zion kontseilariari. Herritarren eta profesionalen artean "ezinegona" dagoela azpimarratu zuen. 

Osasunbideak Lan Eskaintza Publikoa garatzen "oso mantso" ibili zela eta gainontzeko erkidegoek azkarrago ibili zirela nabarmendu zuen. Barneko mediku egoiliar gisa Nafarroan trebatzen egon diren pertsonei lan eskaintzak prestakuntza bukatu baino egun gutxi batzuk lehenago egin izana kritikatu zuen Ibarrolak. Gainera, kontratu erakargarririk ez zitzaiela eskaini gaztigatu zuen.

PSNko Nuria Medina Santosek burundarren "ezinegona" ulertzen zuela aipatu zuen, eta gaineratu zuen, Altsasuko osasun eremukoa "ez da egoera isolatua, Estatuan medikuak falta dira". Osasun Departamentuak medikuak lortzeko egiten ari den ahaleginak zerrendatu zituen eta jakinarazi zuenez, agorrilerako bi mediku etorri daitezke, bata Europar Batasunetik kanpokoa eta bestea barneko mediku egoiliar trebakuntza Bartzelonan egin duen beste bat.

Geroa Baiko Ana Ansa Ascuncek esan zuenez, "Lehen Arretak min egiten digu Nafarroan, Estatuan. Orokorra da". Ziurtatu zuenez, "Lehen Arretako eredua krisian dago gizartea aldatu delako. Egiturazko aldaketak egin behar dira. Eta gaur egun adabakiak jartzen ari gara". Bi ikuspegirekin jokatzea eskatu zuen: "motzera, zerbitzua bermatu behar da, eta hori, neurri batean langileen bizkar ari da egiten". Epe ertain eta luzera, besteak beste, udalekin aliantzak egiteaz aparte, hiru betebehar zerrendatu zituen: "beharrezkoa den baliabideak hartu behar du gaixoa , ez da zergatik beti medikua izan behar. Bigarrenik, zahartutako pertsonen akonpainamendua eta zaintza". Lege aldaketa ere eskatu zuen, "mediku batek bi plaza aukeratzeko aukera izan, bat hartu eta bestea blokeatzea, horrekin bukatu behar da". 

EH Bilduko Txomin Gonzalez Martinezek nabarmendu zuenez, "Altsasuko osasun eremuan bi urteko prekarietate handiaren ondoren, gauzak ez dira aldatu. Araudiak aldatu beharra dugu, ditugunak 1992-1993koak direlako. Oraingoa ez da orduko egoera bera". Gogorarazi zuen osasun sektore pribatuan profesionalen hazkundea %7koa izan dela eta publikoan, berriz, %1ekoa. Gonzalezek Lehen Arretarako eredu "egonkor" bat eskatu zuen. Baita "herri txikietako plazak erakargarri bihurtzea profesionalendako". Gaineratu zuenez, "landa larrialdi eredua aldatu behar da. Baliabide hori gutxi erabiltzen da eta horko profesionalak egoera bideratzeko erabili behar dira. Behar den osasun arreta eskaintzeko konponbidea behar da". 

I-Eko Marisa De Simon Caballerok osasun eremuak bizi duen egoeraren "larria" nabarmendu zuen. Lan eskaintza publikoaren bidez lau plaza eskaini eta bat bakarrik betetzea, Osasunbideak hori aurreikusi behar zuela esan zuen. "Arazo larriak konpondu gabe segitzen da eta jendea haserre dago osasun etxera ezin delako joan. Konponbidea premiazkoa da, epe luzeko konponbidea behar da". Eta guztiaren atzean burokrazia arazoa ere badagoela adierazi zuen.