Mendi lasterketak

Sakandarren Camille, Canelle eta Ardibidepikua

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 27a, 09:00
Eukeni Goikoetxea, ezkerrean, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketako txapeldunordearen saria jasotzen. UTZITAKOA

Eukeni Goikoetxea Nafarroako Bertikalen txapeldunordea izan zen Ardibidepikuan. Amaia Razkin laugarren sailkatu zen Camille Extremen eta Javi Gasanz hirugarren Canelle Trailean

Asteburu mendizalea izan da Izabakoa. ADI-IKE taldeak antolatuta, hiru lasterketa jokatu dira guztira. Ostiralean I. Ardibidepikua Bertikala jokatu zen, Izabatik Larratza gainera (3,2 km, 800 m+), Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa izan zena, 32 graduz gorako tenperaturarekin. Antolakuntzak anoa guneak indartu zituen eta esponja bustiak eskaini zizkien korrikalariei. Irabazlea Mikel Beunza izan zen (34:18), eta Eukeni Goikoetxea altsasuarra laugarren (36:21), eta bigarren nafarra. Hortaz, Dantzaleku Sakanakoa Nafarroako txapeldunordea dugu. 

Irabazlea Mikel Beunza izan zen (34:18), Hodei Samaniegoren aurretik (35:16). Hirugarren Markel Urigoitia sailkatu zen (35:42) eta Eukeni Goikoetxea altsasuarrak laugarren denbora onena egin zuen (36:21). Nafarroako Km Bertikalen Txapelketako txapelduna Mikel Beunza izan zen eta Eukeni Goikoetxea txapeldunordea, bigarren nafarra izan baitzen. Asier Ansa 32. sailkatu zen (45:57) eta Jose Antonio Salgado 45. (49:46). Emakumezkoetan Naiara Irigoien gailendu zen (40:53) eta bera dugu Nafarroako txapelduna. 

Canelle
Larunbatean Canelle Trailaren txanda izan zen (13 km, 900 m +). 127 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea. Eki Imaz izan zen irabazlea (1:14:15), Beñat Froemmingen aurretik (1:5:01). Aurreko asteburuan Lakuntzan bigarren izan zen Javi Gasanz altsasuarra hirugarren sartu zen (1:16:06). Emakumezkoetan, Alba Mendiolagoitia gailendu zen (1:32:26), Kristina Fernandez Avizandarekin lehia estua izan eta gero (1:16:06). 

Camille
Bukatzeko, igandean Camille Extreme lasterketaren 16. edizioa jokatu zen (31,6 km, 2.044 m+). Berez gogorra den lasterketa, Ezkaurre mendi igoera tartean, are gehiago gogortu zuen igandeko berotzarrak. Irteera unean 24 gradukoa zen tenperatura, beraz, atera kontuak. Hidratazioa zaintzen nahikoa lan izan zuten korrikalariek. 363 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea. 

Xabier Zarranzek eta Iñigo Maciasek lehia ederra izan zuten. Ibilbide ia oso batera egin zuten, baina azken jaitsieran aurrea hartzea lortu zuen Zarranzek eta bakarrik iritsi zen Izabako helmugara (3:12:30), Iñigo Maciasi 14 segundo aterata (3:12:44). 

Sakandarren artean Ander Unzurrunzaga Iurrebaso korrikalari etxarriar beteranoa izan zen onena. 27. postuan sailkatu zen (3:42:39). 

Emakumezkoetan Oihana Kortazarrek bere errekor propioa apurtu zuen eta errekor berria ezarri zuen (3:29:58). Elgetakoak 20 minutu atera zizkion Oihana Azkorbebeitiari (3:49:27). Hirugarren Ainara Alcuaz sailkatu zen (3:59:20) eta laugarren Amaia Razkin uharte arakildarra (4:10:40). 


Sakandarrak Camille Extremen (31,6 km)
Gizonak:
1.Xabier Zarranz 3:12:30
27.Ander Unzurrunzaga 3:42:39
52.Aitor Mozo 3:54:49
78.Patxi Rubio 4:03:47
118.Joxeja Maiza 4:20:27
129.Javier Beraza 4:23:51
150.Unai Razkin 4:30:58
237.Ibai Arrese 5:05:41
275.Gorka Inda 5:15:51

Emakumeak
13.Oihana Kortazar 3:29:58
96.Amaia Razkin 4:10:40


Sakandarrak Canellen (13 km)
Gizonak:
1.Eki Imaz 1:14:15
3.Javi Gasanz 1:16:06
25.Aimar Araña 1:31:58

Emakumeak:
1.Alba Mendiolagoitia 1:32:26

*Oharra: Sailkapenetan ez zen korrikalarien jaioterriko daturik aipatzen. Hortaz, gerta daiteke sakandarren bat ez agertzea.