Gobernuaren eskaintzak ez ditu grebalariak ase

Guaixe 2022ko eka. 17a, 10:57
Haur eskoletako grebalaria Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean kontzentratuta. www.ahotsa.info

Haur Hezkuntzako langile grebalariek haien eskaerei aurre egiteko 34,7 milioi euro behar direla diote.

Haur eskoletako hezitzaile eta langileek 37. greba eguna dute gaur. Soldatak igo eta hezitzaile bakoitzeko ume kopurua jaitsi eta Europarekin parekatzea eskatzen dute. Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian azaldu zutenez, beraien eskaerak betetzeko 34,7 milioi euro behar dira. Gaur egun Haur Hezkuntzara 15,8 milioi bideratzen dira, Europak aholkatzen duena baino askoz gutxiago grebalariek adierazi dutenez. Parlamentuan eskatu zuten haur eskolen doakotasunaren aldeko apustu argia egitea eta finantzazio moduluak %92 eta %146 artean igotzea. 

Hezkuntza Departamentuak grebalariei eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko kideei jakinarazi dienez, heldu den ikasturterako 4.250.000 euro inguruko igoera aurreikusten du, soldatak igoz zuzendari, hezitzaile eta garbitzaileei. Horretarako, moduluetan soldatei dagokiena aldatuko luke gobernuak. Hezitzaileen lan karga txikitzeko eta hezkuntza arreta hobetzeko laguntzaileen kontratazioa ere aurreikusi du. Baita ordezkapenak hobetzea ere. 

Grebalariei gobernuaren proposamena "kopuru txikiagatik, eskasa" iruditzen zaie. "Ez da 0-3 zikloaren kalitatearen aldeko apusturik egiten. Eskaintzen duten hezkuntza errefortzua oso txikia da, COVID errefortzuaren antzekoa da". Gaineratu dutenez, "unitate bat edo bi dituzten haur eskolak dirulaguntzarik gabe geratuko lirateke. Soldatei dagokienez, soldata oinarria igotzen da soilik, osagarririk ez dago". Beraz, haien "eskakizunetatik urruti dago" gobernuaren taula.