Astekaria

"Urbasara igotzea bezala da; denondako moduko bideak dira"

Guaixe 2022ko eka. 27a, 14:32
Gure Eskuko kide Itziar Flores Mazkiaran, Erkuden Barandiaran Goñi eta Aitziber Etxaiz Soria.

Kataluniako Assemblea Nacional Catalanak, hango mendi federazioak eta Gure Eskuk Pirinioetako bidea ekimena antolatu dute; 300 tontor pasa argiztatu nahi dituzte. Gure Eskuko kide dira Itziar Flores Mazkiaran, Erkuden Barandiaran Goñi eta Aitziber Etxaiz Soria.

Mendia. Euskaldunak. Mendizaletasuna. Askorendako elkarrekin erlazionatuta dauden hiru hitz, atzera ere, garilaren 2an, larunbatarekin, bat eginen dutenak. Sakanako Gure Eskuko kideak ekimena antolatzen ari dira, eta mendi tontor batera igotzeko asmoa ere badute. 

Gure Eskukoek Beriain argiztatzeko asmoa zenuten, hori gutxi eta Pirinioak orain. Zergatik?
Itziar. COVID-19 iritsi aurretik asmo hori genuen, 2020ko maiatzaren 9rako. Baina pandemia etorri zen, eta hura gutxi zen sakandarrondako eta euskal herritarrendako, eta aurten Pirinioak argiztatuko ditugu.  

Zergatik? Edo zertarako?
Erkuden. Bi herrialde lotzen gaituen zerbait da Pirinioa. Eta gure eskubide bat aldarrikatzeko: erabakitzeko eskubidea. Euskaldunak eta katalanak elkartu eta Pirinio guztia argiztatuko dugu. Eta, elkarrekin, askatasun bide horretan indarra jartzea. 

Pirinioak argiztatzea. Gauez. 
Aitziber. Bai. Tontor bakoitzean argi berezi bat piztuko da. Norberak bere frontala eraman beharko du jaisterakoan ongi ikusteko, eta goian ahalik eta gehien ikusteko. 

Pirinioak. Mendia. Hori entzunda badirudi eskalada ekipamenduarekin joan behar dela.
E. Pirinio erdialde horretan dauden tontorretan bai, mendi gorriak deitzen diegu. Mendian ibiltzen den jendea joanen da. Horiek hartuta daude, mendizaleak koadrilaka antolatu dira (Etxarriko bi eta Bakaikuko bat). Baina gu ez goaz horretara. Guretako beste mendixka batzuk daude. Horiek Urbasara igotzea bezala da; haurrak, adinekoak joan daitezke, denondako moduko bideak dira, arriskurik gabekoak. 

Zein mendi dira horiek? 
A. Arakil eta Irurtzungoak Alkurrutzera igoko dira eta gainontzekoak Gorramakilera. Baztanen daude biak, Erratzutik gertu. Gu lehenbizi Gorramendira igo eta handik Gorramakil tontorrera. Han garai batean militarren basea zegoen eta haraino, nahi bada, autoz joan daiteke. 

E. Dena den asmoa da denak elkarrekin oinez igotzea, 21:00etarako. Eta, ondoren, denok batera jaistea. Baina, norberaren ahalmenaren arabera autoak igotzeko aukera aurreikusten da. Bi tontor horietan egonen gara sakandar gehienak. 

Izena eman beharra dago? Edo parte hartzea librea da? 
I. Izena eman behar da www.gureesku.eus webgunean. Gainera, segurtasun neurri guztiak hartu nahi dira. Izena ematean mendi federazioan izena emanda bazaude gutxiago pagatuko duzu, eta gu bezala, federatu gabe daudenak izena ematean asegurua izanen dugu, igotzean eta jaisterakoan ziur ibiltzeko. 

Oraindik izena eman daiteke? 
A. Bai. Bai herriari tokatu zaion mendian (zailtasunagatik, tontor berdea), bai 3.000 metroko altuerako tontorretan ere (zailtasunagatik, tontor gorria). 

I. Sakandarroi bi mendi egokitu zaizkigu, baina sakandarra izanda, oporretan beste punta batean bazaude eta parte hartu nahi baduzu, beste mendi erraz bat igotzeko izena eman dezakezu. Horretarako trabarik ez dago. 

E. Webguneak nahi duzun tontorra aukeratzeko aukera ematen du ere. 

Baztan aldera nola joanen zarete? 
I. Oraindik ikusi behar da zenbatek ematen duen izena, eta zein asmo duten. Batzuk, agian, gaua han pasatzeko asmoa dute. Saiatuko gara ahalik eta auto gutxien mugitzen. Baina hori, zehazteko dago. 

Zuekin batera jende asko joatea nahiko zenukete, ezta? 
I. Jakina. Polita izanen da. 19:00ak aldera abiatuko gara tontorrerantz. Han afalduko dugu. Giro ederra sortuko da. Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri hori gailur batean egiteak badu bere indarra. Zoragarria izanen da, ziur.