Tortura kasuak ofizialki aitortzeko pauso sendoak ematea eskatuko dute

Guaixe 2022ko eka. 24a, 09:27
Nafarroako Torturatuen Sareko kideak manifestaziora deitzen. UTZITAKOA

Larunbatean, 18:00etan, Iruñeko autobus geltoki berritik aterako da manifestazioa.

Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren bezperan, larunbatean, Iruñeko kaleak bete nahi ditu Nafarroako Torturatuen Sarea elkarteak. Haren egitekoa da motibazio politikoengatik tratu txarrak eta torturak jasan dituzten nafarrendako errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea eskatzea. Aldarrikapen horiei babesa emateko mobilizatzera deitu dute. 

Elkarteko kideek aitortu dutenez, “azken urteotan aurrerapausoak ematen ari dira Nafarroan Estatuko Segurtasun Indarrek torturatutako pertsonak aitortzeko eta erreparatzeko bidean, baina hori lortzeko oraindik bide luzea dugu aurretik”. Eskaera argia dute: “Nafarroan 1960tik 2012ra arte izan diren tortura kasuak ofizialki aitortzeko pauso sendoak ematea, hainbeste hamarkadatako zigorgabetasunarekin bukatzeko”. Nafarroako Torturatuen Sarekoen iritziz, “gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea, hori baita praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena. Inori, inoiz, ez dakiola berriro gerta guri gertatu zitzaiguna”.

Elkartetik jakinarazi dutenez, Nafarroako erakunde eta gizarte eragileen, sindikatuen, antolakunde politikoen eta arduradun instituzionalen atxikimendua jasotzeko idatzi bat zabaldu dute, eta hainbat arlotako eragileek babesa eman diote elkarteari. 

Ekarpenak
Nafarroako Torturatuen Sarea elkarteak dituen gastu guztiei aurre egin ahal izateko dirua biltzeko kanpaina bati ekin dio. Ekarpenak honako kontu korrontea egin daitezke: ES23 3035 0058 3905 8011 6401.