Astekaria

Trenbide azpiegituren modernizazioa azkartzeko eskatu dute Madrilen

Guaixe 2022ko eka. 28a, 09:05

Tren sozialaren aldeko mezua Espainiako Kongresura eraman zuten. UTZITAKOA

Arabako eta Nafarroako toki erakundeek egungo trenbide azpiegituren modernizazioa azkartzeko eskatu dute Madrilen. Trenbide Azpiegiturak Hobetzeko eta Egokitzeko Informazio Azterlana idazteko aurrekontu partida lehenbailehen gauzatzeko eskatu dute.

Kongresuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Batzordea Batzordeko PSOE, Podemos, Ciudadanos eta EH Bilduko parlamentariekin bilera izan zuten Arabako eta Nafarroako hainbat udaletako eta bi herrialdeetako trenaren aldeko hainbat ordezkarik joan den asteazkenean. Bileran lau alkate sakandar ere egon ziren: Oihana Olaberria Jaka (Arakil), Aitor Larraza Carrera (Irurtzun), Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza (Lakuntza) eta Silvia Marañon Chasco (Etxarri Aranatz). Guztiek eskatu zuten aurtengo Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasota dagoen 200.000 euroko partida bizkor gauzatzeko, partida hori trenbide azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio azterketa bat idazteko da. 

Larrazak esan zuenez, "abiadura handia ez dela gure herrietarako soluzioa. Azpiegitura horiek eragin handia dute gure hiriguneetan baita gure landa eremuan eta ingurumeneko inpaktu asko dituzte”. Eta nabarmendu zuen abiadura handiko proiektuak gero eta erakunde eta entitate gehiagok jartzen dituztela zalantzan: “azkena Europako Batasuna izan da; izan ere, Europako garraio-sarearen araudia berrikustean, abiadura handiko hainbat linearen ordez egungo trenbide-azpiegiturak modernizatzea proposatzen du. Europako Kontuen Epaitegiak ere ziurtatu zuen proiektatutakoa ez dela 2030era arte burutuko, gain kostuak eta atzerapenak arau bihurtu direla eta agindutako abiadurak ez direla lortzen ari”, esan zuen Lazarrak.

Irurtzungo alkateak gogorarazi zuen herri mugimenduak alternatiba bat landu duela, eta dagoeneko trenaren aldeko herri-plataforma eta Espainiako estatuko trenbide zentral sindikal nagusiek eskatu ziotela Espainiako Gobernuari trenaren gaur egungo trazadurak egokitzeko eta hobetzeko, eta egungo trenbide proiektuaren plangintza berriz bideratzeko, prestazio handiko trenak zirkulatzeko, horretarako hobetutako eta egokitutako egungo korridoreetan. Azkenik, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Batzordeko ordezkariei eskatu diete alternatibak aztertu eta konponbide eraginkor baten alde lan egiteko, ukitutako korridorearen hiriguneei zerbitzua emango dien zerbitzu eraginkorra bilatze aldera bai arlo ekonomikoan eta sozialean.