Haur eskolen duintasunaren aldeko mobilizazioak

Guaixe 2022ko eka. 24a, 11:01
Haur eskolako hezitzaile eta langile grebalarien prentsaurrekoa. UTZITAKOA

Asteburuan Nafarroan barnako martxa eginen dute. Eta Arbizun, igandean, 19:00etan, manifestazioa deitu dute.

Nafarroako haur eskolen martxa gaur hasiko da. Nafarroako Gobernuaren egoitzaren paretik abiatuko dute ibilbidea, 18:00etan, eta martxaren akabera Leitzako haur eskolaren parean eginen da igandean, 19:15ean. Bestalde, grebalarien eskaerekin bat egiten du Arbizuko Kattuka haur eskolako guraso talde batek. Adierazi dutenez, "azken hilabete honetan hezitzaile, haur eta familiek bizi dugun egoera larria da. Ikusita Nafarroako Gobernuak duen jarrera, hori salatzeko, Sakanako herritarrei deialdia luzatzen diegu igandean, 19:00etan, Arbizuko plazan antolatu dugun manifestazioan parte hartzera". Manifestazioak Familiak haur eskolen duintasunaren alde! leloa izanen du.