Aurrerabide faltagatik haur eskoletako grebalariek mobilizazioekin segitzen dute

Guaixe 2022ko eka. 24a, 11:01

Grebalariek Nafarroako Parlamentu pareko kalea eserialdi batekin moztu zuten. www.euskalerriairratia.eus

Aste honetan ez da aldeen arteko bilerarik izan.

Haur eskoletako hezitzaile eta langileek 54. greba eguna dute gaurkoa. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Nafarroako Gobernua asteazkenero biltzekoak ziren, grebalarien ordezkariak gonbidatu gisa hartuta. Baina herenegun ez zen hiru aldeen arteko halako bilerarik egin. Nafarroa 0-3 plataformako Eider Garde Mazkiaranek esan duenez, "gobernuaren proposamenari erantzuna eman eta beste proposamen bat aurkeztu behar genuen, baina gobernukoek kale egin dute. Esan digute egoeraren analisia egiten ari direla. Beraien foro horretan gure erantzuna eman ez badiegu, zein analisi egiten ari dira?" Bilera ez egitea "gurekiko utzikeria da. Agerian gelditu da hori ez dela negoziazio mahai bat eta ez dagoela negoziaziorik gatazkari konponbidea emateko. Negoziaketa faltsu bat irudikatu nahi dute".