Txirrindularitza

Unzilla eta Tadeo Gipuzkoako Itzuliko podiumetan

Guaixe 2022ko eka. 28a, 10:00

Gipuzkoako Itzuliko podiuma. MARTIN EARLY

Junior mailako txirrindulari onenen artean Mikel Unzilla etxarriarra bigarren sailkatu da, Iban Izanza txapeldunetik 2:47ra, eta Aimar Tadeo lakuntzarra seigarren,  hirugarren etapan hirugarren izan eta gero

Ostiralean hasi eta atzo, astelehena, despeditu zen juniorren mailako XXXII. Gipuzkoako Itzulia, juniorren mailako tropeletik onena bildu duen proba ezaguna. Nabarmentzekoa da Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Unzilla eta Aimar Tadeo sakandarrak aurreko postuetan egon direla itzuliak iraun duen lau egunetan. 

Ostiraleko Idiazabalgo atariko 2,1 km-ko erlojupekoan Beñat Garaiar (Augar-Laguntasuna) gailendu zen (2:54) Ibai Azanzaren aurretik (Vizcay Hnos.) eta Mikel Unzilla etxarriarra hirugarren sailkatu zen, 3 segundora. Larunbatean Zumaian jokatutako etapan (95 km) Ibai Azanza gailendu zen (2:18:57) eta Mikel Unzilla atzera ere hirugarren sailkatu zen, 54 segundora. Hirugarren etapa igandean jokatu zen Andoainen (98,5 km) eta atzera ere liderra, Ibai Azanza, gailendu zen (2:31:33). Aimar Tadeok lasterketa ederra egin zuen eta hirugarren sartu zen, 48 segundora. Lakuntzarrak mendiko saria irabazi zuen.

Atzo, Gipuzkoako Itzuliko laugarren eta azken etapa jokatu zen Seguran (69,2 km). Lasterketa mugituan, Ugaitz Otxandorena (Vizcay Hnos.) eta bere taldekide Ibai Azanza, liderra, iritsi ziren batera helmugara eta Otxandorenak irabazi zuen etapa. Sakana Groupeko Mikel Unzilla bosgarren sartu zen, 54 segundora, eta Aimar Tadeo seigarren, 57 segundora.  

Unzilla bigarren
Lau egunak kontuan hartuta, Ibai Azanzak irabazi du Gipuzkoako Itzulia, nagusitasun handiz, lau etapetatik bi irabazita eta beste bitan bigarren izanda (6:39:28). Mikel Unzilla etxarriarra bigarren izan da, 2:47ra, eta Aimar Tadeo lakuntzarra seigarren, 3:31ra. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Adrian Martinez (Sakana Group) 35. sailkatu da, Manex Zufiaurre (Sakana Group) 38.,  Aritz Oiarbide (Sakana Group) 44., Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 58. 
Talde onena Vizcay Hnos. izan da, eta Sakana Group-Aralar bigarren.