Pilota

Caixabank Mastersa Etxarri Aranatzera helduko da

Guaixe 2022ko eka. 29a, 10:25
CaixaBank Mastersaren aurkezpena. ASPE

Martijak Lasorekin osatuko du bikotea, Ezkurdiak Mariezkurrena II.arekin eta Zabaletak Jakarekin. Hirugarren jardunaldiko partida bat Etxarri Aranatzen jokatuko da, uztailaren 31n

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten Caixabank Mastersa, Bilbon. Aurten festak, jaialdiak eta torneoak itzuli direnez, torneoa moldatu dute eta sei bikote mistok hartuko dute parte. Sakandarrei dagokienez, Martijak Lasorekin osatuko du bikoa, Ezkurdiak Mariezkurrena II.arekin eta Zabaletak Jakarekin. Gainontzeko bikoteak Altuna III.a-Imaz, Urrutikoetxea-Rezusta eta Irribarria-Albisu dira. Hamabi pilotariak Sanferminetako Binakako Torneoan ariko diren biko berberak izango dira, baina nahastuta, oso bikote parekatuak, txapelketaren ikusgarritasuna mantentzeko. 

Joan zen urtean Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak irabazi zuten Mastersa. Etxarrengoak Erik Jakarekin jokatuko du aurten. “Berriz ere Erikekin jokatzeak ilusioa egiten dit” nabarmendu zuen egungo txapeldunak. Martijarekin aritzeagatik ilusio berbera du Unai Lasok. “Lagun handiak gara, gaztetan sei urtez jokatu genuen elkarrekin. Gozatzera aterako gara” aitortu zuen. Joseba Ezkurdia ere pozik zegoen Mariezkurrena II.arekin aritzeagatik. 

Etxarri Aranatzen
Caixabank Mastersa uztailaren 15ean hasiko da eta guztira bost jardunaldi jokatuko dira. Lehen jardunaldiko partidak Balmasedan (uztailak 15), Barakaldon (uztailak 17) eta Oñatin (uztailak 22) jokatuko dira; bigarren jardunaldikoak Etxebarrin (uztailak 24), Ermuan (uztailak 25) eta Huercanosen (uztailak 27); hirugarren jardunaldikoak Getarian (uztailak 29), Lekunberrin (uztailak 30) eta Etxarri Aranatzen (uztailak 31); laugarrena, abuztuaren 14ko abuztuan, zehaztu gabe dago, eta baita bosgarrena ere, irailaren 4ko asteburuan jokatuko dena. Finalerdiak jokatuko dira segidan, irailaren 30ean, Nafarroa Arenan, eta, bukatzeko, final handia, urriaren 2an Nafarroa Arenan erabakiko dena. 

Etxarri Aranazko partidan, zehazki, Jakak eta Zabaletak Urrutikoetxea eta Rezusta izanen dituzte arerio.