Salto! gazte topaketako zutabeak elkartzeko bezperan

Guaixe 2022ko eka. 29a, 10:59

Tolosatik eta Etxarri Aranaztik abiatu ziren gazteak bihar Leitzan elkartuko dira eta han igandera arte aisialdi eskaintzaz gozatzeko aukera izanen dute.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bere baitan dauden herrietako 14 eta 18 urte bitarteko gazteendako Salto! Gazte topaketa martxan da. 100 gaztek, bi zutabetan banatuta, Tolosatik eta Etxarri Aranaztik abiatu ziren astelehenean. Gazteei Etxarri Aranazko Udalak eta Euskara Batzordeak harrera egin zien plazako estalopean. Eta haien lehen pausoak dantzakoak izan ziren. Ondoren, bi etxarriarrek gidatuta, Guardetxera arteko bidea egin zuten han bazkaltzeko. Indarrak hartu ondoren, larraundarrak gidari, Baraibarreraino iritsi ziren. 

Etxarritik abiatutako gazteek atzo Baraibarren eman zuten eguna hainbat tailer eta bestelakoekin gozatuz. Gaur, berriz, Baraibar utzi eta Berueteko bidea hartuko dute. Hara bazkal garairako iritsiko dira eta aisialdia eskaintza izanen dute arratsaldean. Bestalde, Tolosatik abiatutako zutabeak Alkiza arteko bidea egin zuen aurreneko egunean, ondoren Alkiza eta Leaburu artean ibili ziren eta gaur  Leaburu eta Berastegi artekoa eginen dute. 

Batzuek eta besteek Beruetetik eta Berastegitik Leitzara arteko bidea eginen dute bihar eta bazkal garaian elkar ezagutuko dute. Eta igande eguerdira arte hainbat jardueretan elkarrekin euskaraz gozatzeko aukera izanen dute. UEMAk gazte topaketa horrekin “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortu” nahi du. “Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako pausoa eman nahi da”, prestatu diete horretarako.