Txirrindularitza

Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre, Enric Mas laguntzeko prest

Guaixe 2022ko eka. 29a, 11:30
Movistarrek Tourrerako zortzikotea aurkezteko erabilitako irudia. MOVISTAR TEAM

Frantziako Tourrean bere 40. parte hartzeari ekingo dio Movistar Team taldeak. Imanol Erbiti Dauphinéko erorikoaz osatu da eta Gorka Izagirre ere animatuta dago 

Ostiralean hasiko da 109. Frantziako Tourra, Copenhagueko 13 kilometroko erlojupekoarekin, eta uztailaren 24an despedituko da, Parisen. 22 taldek hartuko dute parte, eta Movistar Team da parte hartzerik handiena duen taldea: 1983. urtetik jarrian lehiatzen ari da Irurtzunen jaiotako taldea. Aurtengoa, beraz, Movistar Team taldearen atzean dagoen Abarca Sports eskuadraren 40. parte hartzea izango da.  

Ildo honetan Movistar Team taldeak atzo, asteartea, aurkeztu zuen ofizialki Tourrean parte hartuko duen zortzikotea. Enric Mas liderra buru dela, Carlos Verona, Matteo Jorgenson, Gregor Mühlberger, Albert Torres, Nelson Oliveira, Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti izango dira taldeko ezkutariak, azken biak Tourrean ariko diren bi sakandar bakarrak dira. 

Imanol Erbiti, hamahirugarrenez
Imanol Erbitik erorikoa izan zuen Dauphinén. Zorionez, ez zuen hausturarik izan eta Frantziako Tourrerako prest dago. Hiriberriko txirrindulari beteranoak bere hamahirugarren Frantziako Tourrari ekingo dio. Movistar taldean ezinbesteko talde gizona da, tropelean oso preziatua. Joan zen urteko edizioan hamabigarren etapa irabaztear egon zen, baina bigarren izan zen, Nils Politt (Bora) gailendu baitzitzaion. Taldearendako berme ezinbestekoa, aurten ez du Jose Luis Arrietaren aginduetara aritu behar izango, Chente Garciaren eta Patxi Vilaren esanetara baizik, Movistarrek teknikari uharte arakildarrarekin zuen kontratua eten eta gero. 

Izagirre bederatzigarrenez
Gorka Izagirre Movistar Team taldera itzuli da aurten, eta Enric Masen konfiantzazko gizonetako bat izango da, harribitxia. Ziordian bizi den ormaiztegiarrak Movistarren egin zuen eztanda (2014-2017), eta ondoren Bahrain (2018) eta Astanan (2019-2021) ibili eta gero, “etxera” itzuli da. Aurtengoa bere bederatzigarren Tourra izango da.

Faboritoak
Azken bi urteetako Tourreko irabazle Tadej Pogacar (UAE Emirates) da aurten ere munduko txirrindularitza proba garrantzitsuena irabazteko faborito nagusia. 23 urterekin, etorkizun oparoa da esloveniarrak, eta primerako denboraldia eginda iritsi da Tourrera. Bere arerio nagusia Primoz Roglic (Jumbo) da. Vueltako azken hiru edizioetako irabazleak 2020ko Tourra La Planche des Belles Fillesko kronoigoera famatuan galdu zuen, eta joan zen urtean Tourra utzi behar zuen, erorikoa tarteko. Aurten Paris-Niza eta Dauphiné irabazita iritsi da Tourrera. 

Gainontzeko faboritoak Jonas Vingegaard (Jumbo), Geraint Thomas (Ineos), Daniel Felipe Martinez (Ineos), Enric Mas (Movistar Team), Aleksandr Vlasov (Bora), Ben O´Connor (Ag2r), Jack Haig (TBV) eta Nairo Quintana (Arkea) dira. Julian Alaphilippek (Quick-Step) ez du parte hartuko, Lieja-Bastoña-Liejan izandako erorikoarengatik. 

Laburrean
Tourra erlojupekoarekin hasiko da eta hurrengo etapak sprinterrendako aproposak izango dira. Uztailaren 6ko etapan, Arenbergen despedituko denean, galtzadarriko hamaika eremu gainditu beharko dituzte. Uztailaren 7koa etaparik luzeena izango da eta uztailaren 8an, ostiralarekin, mendia iritsiko da. Ondoren Alpeak zain izanen dituzte.