Solstizioaren hizkerak

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 30a, 13:55
Koldo Artola Kortajarena. UTZITAKOA

Koldo Artola Kortajarenak 'Solstizioen inguruko ospakizunak Nafarroako zenbait hizkeratan emanak. Errituen zabalera eta ospakizunen hari ezberdinak' liburu etnolinguistikoa argitaratu du.

Arakilgo hainbat herritan Giligili martxo sarna fuera, ogi ta ardo Nafarrora, biba San Juan bezpera oihukatzen zuten San Joan bezperako suak saltatzen zituzten bitartean, Satrustegin, Kirrikili martxo, sarna fuera, ogi ta ardo Nafarrora, atso guzik ipurdiz gora esaten omen zuten. Irañetan Gora San Juan, viva San Juan, zorriek eta partzak fuera; Arruazun Urrin San Juan, ipurdien sarna eta Unanun antzeko leloa zuten: Urrin San Juan, subiek ez piketzeko. Dorraon Purrin San Juan, San Klemente salero, subiek ez pikätzeko, Unanuko tripotak lertzeko esaten omen zuten.

Burunda aldean, Bakaikun eta Iturmendin udako solstizioen errituen barruan maiatza jasotzen dute oraindik ere, eta faguä edo fagoa jasotzen dute mendian eta herrian. Idiyekin eramaten zuten lehen basora. Urdiainen San Juan bezperan kantaita egiten dute, baita suba aundiya egiten dute etxeko ataiyan eta iru salto eiten dia San Juan Bautista doia oihukatzen zuten bitartean. Altsasun San Juan ermitetako bat da, eta San Pedro jaya handia da herrian: oñez bi kilometro goor egiten dira araitzan azpian jateko. Olaztin San Juan egunean ur bedikatuba hartzera joaten ziren eta ataiyan iria eta inxusia jartzen zuten.


Urdiaingo San Juan ermitako sua saltatzen. 

Koldo Artola Kortajarenaren Solstizioen inguruko ospakizunak Nafarroako zenbait hizkeratan emanak liburuan aurki daitezkeen esaera batzuk baino ez dira. Artola urtetan Nafarroan barrena ibili da adineko euskaldunak elkarrizketatuz eta grabatuz, eta urteetan zehar eskuratu zuen esperientziaz baliaturik, 2014. urtean, Aranzadi elkartearen eskutik, Ziorditik Uztarrozeraino obra plazaratu zuen hiru liburukitan. Lehenengo bi liburuetan inkesten emaitzak jasotzen zituen eta hirugarrena lekukoen "gehigarri" bat zen eta ehundik gorako testu agertzen ziren. Solstizioen inguruko material "dezente" zuela ikusita, dena bildu eta liburua argitaratzea pentsatu zuen: "Oraingo hau solstizioen ingurukoa da; gaiak etnografikoak dira, pixka bat kostunbristak, pixka bat folklorikoak".

Zaletasuna
Koldo Artola Kortajarena Donostiarra da, "baina Iruñeko neska batekin ezkondu nintzen". Emaztearen familia Iruñekoa zenez, askotan bisitatzen zuten Nafarroako hiriburua. "Harremana handia egin nuen Iruñearekin eta Nafarroarekin". Udan zortzi edo hamar egunez Izabara joaten ziren eta denbora horretan "Erronkariarren artean euskaraz bazekienarekin hurbiltzen hasi nintzaien. Ez dakit zaletasuna zen edo kontzientziagatik izan zen". Aurretik Mitxelenak 1952. urtean Uztarrozen eta Izaban inguruan egindako ikerketa lanak irakurrita zituen Artolak, "eta horiek irakurriz zaletu nintzen eta horrela hasi nintzen saltseatzen". Nafarroako Pirinioetan pasatzen zuen egun horietan Belaguara, Zaraitzu aldera eta abarrera joateko baliatzen zuten, "eta Zaraitzu aldean Otsagin ikusi nituen andre zahar batzuk eserita eta hurbildu nintzen eta euskaraz hasi nintzaien. Haiek primeran erantzun zuten, zaletasuna ernatzen hasi zen".

Artola Aranzadi elkarteko kide ere bazen. Aranzadin hamalau sail daude, tartean antropologia, etnografia,botanika… "Ni sartu nintzen etnografian eta orduan Fermin Leizaolak abiatu zuen lan bat, gero Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa izango zena". Euskal Herri guztian zehar hainbat lekutan datu bilketa egin zuten. "Adiskidetasunagatik jakin zutenean ezagutu nituela zenbait andre erantzuteko moduan zeudenak esan zidaten ea egingo ote nien inkesta bat haietako bati". Horrela sortu zitzaion leku gehiagotan gauza bera egiteko zaletasuna. "Oharkabean, batzuetan zaletasunak horrela ernatu egiten dira".

Mintzaraztea
Inkestak magnetofonoarekin grabatzen zituen, "eta egon beharrean nola esaten da hau, nola esaten da bestea edo hitz solteak nola esaten zituzten galdetu beharrean, niretzat askoz garrantzitsuagoa zen hitzak bere testuinguruan egotea eta jendea mintzaraztea". Modu espontaneoan hitz egiten zutenean "aberastasuna ateratzen da, sintaxi aldetik, giroak eta guretzat arraroak diren hitzak eta kontrakzioak, esaldiak, kontsonanteen arteko txokeak, aditzak…". Aditzak biltzen aritu zen ere, lagun bati faborea egiten; Sakana aldean, hain zuzen, aditzak jasotzen aritu zen Artola

Euskalkiak adineko jendearen ahotsetan jasotzea ez da lan erraza, baina jendea "pazientzia handikoa" zela eta "oso jende majoa" aurkitu zuela azaldu du Artolak: "Haien fibra sentimentala utzi zidaten". Salbuespen pare bat izan zituela aitortu du ere, "danbateko batekin erantzun zutenak", baina leku gehienetan "lasaitasun handiarekin, gogoekin eta gustura" aritu zen

Solstizioak
Bildutako grabazioekin hainbat artikulu egin izan ditu Artolak, eta Iruñean argitaratzen duten Fontes Linguae Vasconum aldizkarira bidali ditu. "Urteak dira bilatzen ari naizela. Halako batean, nire materialean murgildu nintzen eta ikusi nuen solstizioei buruz material dezente nuela". Jasotako materialetan hainbat gai daudela azaldu du ikerlariak, inauteriak, kantak, dotrina euskaraz ikasten ote zuten, otoitzak euskaraz… "Era askotako kontuak badira, baina ikusi nuen gai honi buruz material dezente nuela bilduta eta pentsatu nuen horrek ematen zuela horrelako liburutxo batean jasoa izateko". Martxan jarri zen eta Solstizioen inguruko ospakizunak Nafarroako zenbait hizkeratan emanak liburua sortu zuen. Errituen zabalera eta ospakizunen hari ezberdinak liburua atera zen. Aranzadi elkarteak argitaratu du, eta udako eta neguko solstizioen inguruko esaerak, esamoldeak, testuak eta abar biltzen ditu.

"Gaia interesagarria zela pentsatu nuen, aberatsa, eta hainbat leku desberdinetan mintzamolde desberdinetan ematen dena. Gainera, hemen agertzen diren lekukotasun asko ez dago gaur egun jasotzerik". Duela 30 edo 40 urte bildutakoak dira, "eta berriemaileak adin handikoak ziren". Artola konturatu zen zenbait lekutan "harrapatu" zituen euskal zahar horiek "erresidualak" zirela, "oso gutxi gelditzen ziren ibar askotan"; eta momentu horretan ez bazuen biltzen, "urte gutxitara bizilegeagatik desagertuta egongo zirela". Herri horietako euskararen arrastorik ez zela geldituko.

Sakanan "oso kasu bereziak" daudela azaldu du, "Urdiain, Arbizu, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Bakaiku neurri batean eta Ergoiena salbuespenak dira; hau da, muga-mugan egonda, hor mantendu dute euskara". Bertan egondako apaizen "lan handia" aipatu du Artolak: "Juan Goikoetxea Arbizun, Larraun ibarrean dagoen Lezaetako herrikoa zena; Bakaikuko Ondarra apaiza kaputxinoa; nola ez, Jose Mari Satrustegi, eta hainbat urtez San Migel Aralarko kapilaua izandako Uharte Arakilgo seme Inozenzio Aierbe. Baita Altsasuko kaputxinoak ere hor egon dira". Kontzientziari eusteko oso lagungarriak izan direla esan du. "Baina salbuespenak dira. Muturreko lerro horretan, nahiz eta orain euskararen muga hori zorionez handitu den, lehen euskararen muga aipatutako herrietan zegoen". Beraz, Sakanako herriek "oso adibide ona" ematen dutela, eta omenaldia behar dutela adierazi du.

Kontaketak
Egilearen asmoa ez da izan ondorioak ateratzea. Liburuaren sarreran aipatzen duen bezala, beste batzuek egin dute lan hori; hau da, solstizioen ohiturak eta errituak zertan diren. Felix Zubiaga, Resurreccion Maria Azkue, Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia, Jose Migel Barandiaran, Jose Maria Satrustegi, Jose Maria Jimeno Jurio, Juan Garmendia Larrañaga, beste batzuen artean, dagoeneko hitz egin dute udako aroaren hasieran ematen dioten San Juan jaiaren ospakizun erlijioso zein magikoez eta neguko aroari hasiera ematen dion Eguberriko jaiaren ospakizunei buruz. "Horiek dena esanda utzi dute, nik zer esan behar dut? Gainera, ni ez naiz unibertsitatetik pasa. Nik egin dudana izan da horri buruz galdetu eta jendeak erantzun duena idatzi. Jendea mintzatzera animatu". Jendea euskaraz hitz egitera bultzatzen zuen: "Jendeari gaiak eman edota egoera baten aurrean kokatzen nuen; ‘kontaidazu nola egiten zenuen hau, edo artzaina ibili bazen ea zer egiten zuen…".

Zehatz-mehatz kontatzeko denbora guztian tiraka ibili naiz. Nik nahi nuena jendea mintzatzea zen. Gero ahal zena esaten zuten. Hori lortzeko jendea hitz egitera bultzatu behar duzu". Batzuetan euskaldun "erresidualekin" egotea tokatu zaiola azaldu du, hau da, euskaraz "justu-justu" aritzen zena, "eta beharbada irakurle batentzat nekeza izan daiteke ‘gero, gero, gero’ irakurtzea". Egoeraren araberakoa izan dela azaldu du, beste batzuetan hitz egiten oso ondo "mantentzen" ziren eta hitz egiteko joera handia zuten, "eta horiek ez zuten premiarik laguntzaile izateko".

Jendearekin solstizioen zein beste edozein gaiaren inguruan hitz egiteko aurretik "pittin" bat jakin behar zuen Artolak. Aranzadi elkartekoa izanik ere irakurriz joan dela esan du: "Jabetzen joan naiz nondik norakoez. Ez da bat-batean ezer jakin gabe agertu naizela". Bestela, denborarekin eta lanaren bidez ikasten joan dela ere esan du.

Ahotsak
Liburuan agertzen diren testigantza guztiak entzuteko aukera ere dago. 2014an publikatutako hiru liburukien bilduman zortzi orduko CD bat kaleratu zutela azaldu du Artolak, baina oraingoan "gauza tekniko hauek ziztu bizian aldatuz joaten direnez", webgune baten bidez entzun daitezke jasotako lekukoak. Liburuan, 27. orrialdean QR bat dago eta zuzenean audio horietara eramaten du, bestela ahotsak.eus bildutako materiala entzuteko aukera dago ere. "Horrela interesa duenak aldi berean irakurri eta entzun dezake".

Sakanako berriemaileak liburuan

Udako solstizioa

  • Sanjuanak Olaztin (2002)
    Josefa Ezker Mikelez, 1908
  • San Juan, Altsasuko ermitetarik bat (2001)
    Juan Mazkiaran Iriarte, 1918
  • Urdiaingo sanjuanetako ohiturak (2001)
    Juncal Galarza Garmendia, 1935
  • Iturmendin, maiatza deitu arbola ‘maiatzeko sanmigeletan’ ipini (2001)
    Jose Galarza Aseginolaza, 1918
  • Iturmendiko maiatza arbolaren inguruan, berriro (2001)
    Fermin Gabirondo Agirre, 1929
  • Maiatza, Bakaikun, San Juan bezperan (2010)
    Pio Anso Urriza, 1929
  • Dorraoko sanjuanetako ospakizunak (2000)
    Juanita Lizarraga Yaben, 1923
  • Unanuko suan saltoka sugeen hozkak ekiditeko (2000)
    Teodora Mozo Lizarraga, 1925; eta bere alaba Yolanda Lizarraga Mozo, 1963
  • Arbazuko sanjuanetan erremadurak ageri (Arruazu, 1984)
    Manuel Berjera Sasiain, 1893
  • Irintan ere erremadurak, Arruazun eta Ihabarren bezala (Irañeta, 1988)
    Jose Armendariz Estanga, 1901
  • Sanjuanetako sua, jauzia eta leloa (Irañeta, 1986)
    Pedro Balda Unanua, 1894
  • Girigiri hasierako leloa Murginten (Murgindueta, 1986)
    Pedro Arraras Yeregi, 1906
  • Sua egin eta ‘Viva San Juan’ besterik ez (Murgindueta, 1987)
    Tomas Etxarri Escudero, 1907
  • Ihabarren, San Juan eguneko errituen eragina San Antonekoan (1989)
    Mikela Huarte Arraras, 1898
  • Satrustegiko San Juan suarekiko, Josefa Ongairen arabera (1985)
    Josefa eta Jesusa Ongai Huarte, 1910 eta 1906
  • Sanjuanetako oroitzapen urrunak (Satrustegi, 1988)
    Juan Huarte Albisu, 1916
  • San Juan bezperako leloa (Satrustegi, 1987)
    José Miguel Goitia Madoz, 1906
  • Sanjuanetako sua eta leloa (Etxeberri Arakil, 1988)
    Celestino Zubillaga Etulain, 1927
  • Zuhatzuko sanjuanetan: sua egin eta Krrikillo martxo (1986)
    Jose Escudero Legarra, 1906; eta Claudia Madoz Huizi, 1904
  • Sanjuanetako ohiturak Urritzolan (1985)
    Urritzolako Akatillu iturriaz zerbait (1985)
    Juan Bautista Otamendi, 1900

Neguko solstizioa

  • Eguberrietako giroa Ziordian (1981)
    Patxi Gonzalez de Mendigutxia Villar, 1904
  • Jaiegunetako diru-biltzeak Olaztin (2002)
    Josefa Ezker Mikelez
  • Urdiain: Urteberriko errituaren aipamena (2001)
    Juncal Galarza Garmendia
  • Urteberriko koplen oroimen urria Etxarrin (1986)
    Juan Igoa Beltza, 1907
  • Errege-eguneko zintzarrotsak Altsasun (1987)
    Melitona Mazkiaran Albiztur, 1901
  • Dorraon, Eguberrietan, etxez etxe eskean (2000)
    Juanita Lizarraga Yaben eta Lorenza Lizarraga Senar, 1924
  • Unanuko Eguberri aldia; leloa, Gesalazkoen oihartzuna? (2000)
    Teodora Mozo Lizarraga eta Yolanda Lizarraga Mozo
  • Urteberriko koplen aipamena Arbizun (2000)
    Martin Berastegi Berastegi (1920)
  • Urteberriko koplen apurrak (Arruazu, 1984)
    Manuel Berjera Sasiain
  • Irañeta: Urberriko kopla ahantzi xamarrak (1988)
    Jose Armendariz Estanga
  • Irañeta: Uteberriko koplen haritik orain ere (1986)
    Pedro Balda Unanua
  • Ihabar: Gabonetan egur bat erretzeko ohitura eta afari berezia (1989)
    Ihabar: Urteberriko kopla ezagunen arrastoak I eta II (1988)
    Mikela Huarte Arraras
  • Ihabar: Urteberriko kopla-hondarren beste bertsioa (1986)
    Antonio Arraiza Irañeta, 1911
  • Satrustegi: Urteberriko koplez eta Errege-eguneko zintzarrotsez zerbait (1985)
    Jesusa eta Josefa Ongai Huarte
  • Urteberriko koplen hondarrak Zuhatzun (1986)
    Jorge Escudero Legarra eta Claudia Madoz Huizi
  • Ekai: Urberriko koplen hondarrak (1981)
    Pedro Berjera Sasain, 1895
  • Urritzola: Urteberriko kopalk I eta II (1980)
    Juan Bautista Etxarren Otamendi