Presoen etxeratzearen aldeko bizikleta martxa Etxarri Aranaztik abiatuko da

Guaixe 2022ko uzt. 7a, 10:02
Sareko kideak bizikleta martxa aurkezten. UTZITAKOA

Martxa garilaren 22an hasiko da, eta 24an Donostian despedituko da, ekitaldiarekin. Izena emateko aukera zabalik dago Sare-ren web orrian. 

Pandemiak eragindako etenaren ondoren, Etxera bidea gertu! leloarekin, Sarek bosgarren bizikleta martxan antolatu du. Aldarrikapena eta kirola uztartzen dituen Sareren ekimena Etxarri Aranaztik abiatuko da garilaren 22an, eta Araban barna Durango arteko bidea eginen du tropelak aurreneko egunean. Bigarrenean Durango eta Azpeitia artean ibiliko dira txirrindulariak. Eta azkeneko etapa Azpeitia eta Donostia artekoa izanen da. Han tropelari harrera eginen dio Sarek eta auzatea izanen da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, itzuli guztian parte hartu nahi dutenek 65 euro ordaindu beharko dituzte, eta etapa solteren bat egin nahi dutenek 25. 

Egoera
Sareko kideek azaldu dutenez, “aurrerapausoak eman dira preso horien urruntzeari dagokionez, baina oraindik asko falta da Espainiako Gobernuak duela lau urte hartu zuen konpromiso hori betetzeko”. Azaldu dutenez, 195 euskal presoetatik, 19 Frantziako espetxeetan daude; 70, Espainiako espetxeetan, eta 106, Euskal Herriko espetxeetan. “Hau da, bi urte geroago, %36 Espainiako espetxeetan dago oraindik”. Gainera, presoen gradu progresioetan dagoen blokeoagatik kezka azaldu zuten Sareko kideek: “egia da azken urtean ia guztiak pasatu direla espetxeko lehen gradutik bigarrenera, baina ezin da ahaztu 21 preso bakarrik pasatu direla bigarren gradutik hirugarrenera, nahiz eta 60 presok horretarako baldintzak betetzen dituzten, bete duten kondenaren zatia aintzat hartuta”.

Salatu dutenez, “ia bi hilabete pasatu direla hurbilketa bat ere egin gabe. Ez dago arrazoirik eten horretarako; ez dauka inolako zentzurik. Eta hori gertatzen den bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitzen dute 40 minutuko bisitak izateko. Eta, beraz, euskal presoen eta haien senideen eskubideak urratzen jarraitzen dira”. Eta gobernuari, “gehiago atzeratu gabe” bere konpromisoa betetzeko eskatu diote, “espetxe-araudia salbuespenik egin gabe betetzeaz ari gara; hori da eskatzen duguna”.

Egitaraua

  • Garilak 22, ostirala, Etxarri Aranatz-Durango.
    • 09:00 Etxarri Aranatz.
    • 11:30 Agurain.
    • 13:30-15:00 Gasteiz, Foru plaza.
    • 16:30 Otxandio
    • 18:30 Durango, Arriluzea kaletik sartu.
    • 19:00 Durango, Tabira.
  • Garilak 23, larunbata, Durango-Azpeitia.
    • 09:30 Durango, Ibaizabal.
    • 11:30 Eibar.
    • 12:30 Elgoibar.
    • 13:30-15:00 Deba.
    • 16:00 Zumaia. 
    • 17:45 Azpeitia, Hartzubia hiribidetik sartu.
    • 19:00 Azpeitia, plaza Nagusia. 
  • Garilak 24, igandea,Azpeitia-Donostia.
    • 09:00 Azpeitia.
    • 09:30 Zestoa.
    • 10:00 Zarautz, San Inazio kaletik sartu. 
    • 11:00 Donostia, Tolosako hiribidetik sartu.
    • 12:15 Donostia, Bulebar. Ekitaldia eta auzatea.