Unibertsitarioak eta tituludunek praktikak egiteko aukera dute

Guaixe 2022ko uzt. 6a, 10:00

Sakanako ikuspegia Txurruku puntatik. ARTXIBOA

Despopulazio arriskua duten toki erakunde edo enpresetan 28 praktika egiteko aukera eskaintzen du NUPek.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Despopulazioko Departamentuarekin elkarlanean garatutako programa da Sustraiak, 120.000 euroko diru poltsa duena prestakuntza egonaldiak finantzatzeko. Hori esker, unibertsitatean ikasten edo edozein unibertsitatetan ikasketak bukatu dituzten titulatuek Nafarroan despopulatzeko arriskuan dauden udalerrietan praktikak egin ahal izango dituzu, lurralde arteko oreka lortzen laguntzeko, lurralde horietako ekoizpen, gizarte eta ekonomia sarea dinamizatzeko gai den giza kapitala iritsiz. Sakanaren kasuan Arakil, Uharte Arakil, Arruazu, Ergoiena, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia udalerrietako tokiko administrazio eta 250 langile baino gutxiagoko enpresetan praktikak doan egiteko aukera dute. Praktiketarako ikasle edo titulatua hartzen duten erakundeek ez dute ezer ordaindu beharko, haiei NUPek pagatuko baitie. 

NUPetik azaldu dutenez, Sustraiak programak aukera ematen du lau hilabete inguruko (450 ordu) prestakuntza praktikoa egiteko. "Prestakuntza-egonaldi horiek NUPek tutorizatuko eta ebaluatuko ditu. Lastailaren 31ra arte garatuko dira". Programako arduradunek azaldu dutenez, praktika horiekin ikasleek beraien "akademia ezagutzak praktikan jarriko dituzte benetako ingurune batean eta prestakuntza ikuspegi batekin". 

Landa eremuko Erasmus Sustraiak programak bigarren edizioa du eta 28 plaza eskaintzen ditu. Praktikak egiten dituzten ikasleek 3.636,7 euro jasoko dituzte. Praktikak egin bitartean proiektu bat garatu beharko dute, praktika bukatu baino hamar egun lehenago aurkeztu beharko dena. Parte hartzaileek akaberan Zeharkako konpetentzia profesionaletan espezializatzeko diploma TalenUpna diploma jasoko dute.