Nafarroa Ezagutu Sareko Sakana, Aralar eta Plazaolako espazioetan jasangarritasun teknikari izateko lanpostu bat oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin du Sakanako Garapen Agentziak. Lana hartzen duenak Nafarroa Ezagutu Sareko kide diren Sakana, Aralar eta Plazaola espazioetan bi hilabete eta erdiz arituko da lanean, hilaren 15etik irailaren 30era. Lanaldi osoan ariko da lanean eta Nafarroako administrazioko C mailako soldata jasoko du.
Bere eginkizuna izanen da aipatutako hiru espazioetan dinamizazio jasangarriko lanak egitea, betiere Sakanako Garapen Agentziaren ardurapean. Besteak beste, honakoak egin beharko ditu: ingurumen sentsibilizazioko programa bat egin eta gauzatzea ikasleekin; ingurumen sentsibilizazioko jarduerak antolatzea Nafarroa Ezagutu sareko hiru guneetan: Sakana, Aralar eta Plazaola; bisitarien kontrola (fluxu zenbaketa puntualak); naturguneetako erabiltzaileen informazioa eta haien espazioarekiko ezagutza maila biltzeko galdetegia egitea; hiru espazioetan dinamizazio jasangarriko programa bat diseinatu eta gauzatzea, jasangarritasunaren hiru ardatzak kontuan hartuta eta denboraldi bukaerako jardunaldia antolatzea.
Deialdian parte hartzeko honako bete beharrak ezarri ditu SGAk: adinez nagusia izatea; Lanbide Heziketako Bigarren Mailako edo Batxilergoko titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea; EGA titulua edo haren baliokidea izatea (bestela euskara proba egin beharko da), lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez izatea; funtzio publikoak betetzeko desgaikuntza- edo etete- egoeran ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik banandua ez egotea; B motako gidabaimena eta ibilgailu propioa izatea eta Nafarroa Ezagutu Sareak antolatutako “Jasangarritasun Teknikari” prestakuntza egin izana.