Argi lerroa Pirinioetan

Guaixe 2022ko uzt. 5a, 09:58

Katalunia eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko 300 tontorretik gora argiztatu zituzten larunbatean. Sakandarrak bost argiztatu zituzten.

Makina bat sakandarrek parte hartu zuten larunbat iluntzean Kataluniako Assemblea Nacional Catalanak, hango mendi federazioak eta Gure Esku dagok antolatutako Pirinioetako Bidea ekimenean. Mediterraneotik Kantauri itsasora luzatzen den mendi lerroa argiztatu zuten makina bat kataluniarrek eta euskal herritarrek, tartean 110 bat sakandar (12 bat arakildar eta irurtzundar, 30 bat etxarriar, 20 bakaikuar, 30 altsasuar eta 8 olaztiar). Ekimenean parte hartu zuten ibarreko parte hartzaileek azaldu dutenez, ez zuten inolako ezusterik izan, “giro ederra izan genuen, bai eguraldi aldetik, bai jendearen aldarteagatik”. 

Alkurrutzera eta Gorramakilera guztiak batera igo eta jaitsi ziren. Tontor bakoitzean piztu behar zen fokua piztu aurretik afaldu zuten gainaren ondoan, “inguru paregabeaz gozatuz. Eguzkia jartzen ari zeneko une liluragarria gozatu dugu eta hortik aurrera, musika, kantua, dantza, irrintziak eta umorea nagusitu dira”, azaldu du parte hartzaileetako batek.  

Ekimenean parte hartu zuen altsasuar talde bat larunbat goizean joan zen Baztanera eta han eman zuen eguna, iluntzean mendira igotzeko. Gainontzeko sakandarrak 17:00ak aldera abiatu ziren ibarretik ahalik eta auto gutxienetan. Gure Eskuk sakandarrek Baztango Alkurrutz eta Gorramakil mendia argiztatzea aurreikusi zuen, baina etxarriar talde batek eskarmentudun mendizaleendako ziren bi mendi argiztatu zituzten eta bakaikuar talde batek halako beste tontor batean gauza bera egin zuen. Gainera, Olatzagutiko zortzikote bat Huescako Estremera eta Peña Blanca mendiak argiztatzeaz arduratu zen.