Txirrindularitza

Urdiaingo Sarian Iker Gomez eta Burunda txapeldun

Maider Betelu Ganboa 2022ko uzt. 6a, 11:45

Quesos Albeniz-Burunda taldeko txirrindulari altsasuarrak erasoa jo zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara, Arabarrak taldeko Lander Otxoa de Aspururi 50 segundo aterata

Kadeteen mailako IV. Urdiain Saria jokatu zen atzo, asteartea, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta. Txirrindulariek 56 km zituzten aurretik, Altamirara igoera bat tartean. Lasterketa mugitua izan zen hasieratik, makina bat erasorekin, Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak (Quesos Albeniz-Burunda) azkeneko erasoa jo arte. Altsasuarrak alde garrantzitsua atera zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara, Urdiainen bildu ziren txirrindulazaleen txalo artean (1:26:27), denboraldiko bere seigarren garaipena lortuaz. Gomezek 50 segundo atera zizkion Agurtek Arabarrak taldeko Lander Otxoa de Aspururi eta 1:07 minutu Erro y Eugui-Muruzabal taldeko Adrian Berangori. Lasterketa irabazteaz gain, mendiko saria lortu zuen Gomezek. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, lasterketan oso aktibo izan zen eta ihes eginda egon zen Ekain Imaz altsasuarra (Quesos Albeniz) zazpigarren sartu zen, 1:11ra. Iker Begiristain (Quesos Albeniz) urdiaindarra 18. postuan sartu zen, Oihan Gorriti (Sakana Group-Aralar) 21. postuan, Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 22., Hegoi Garcia (Quesos Albeniz) 40., Ion Aierbe (Quesos Albeniz) 52. eta Andoni Yerai Bedoya (Quesos Albeniz) 56.

Quesos Albeniz-Burunda taldeak talde onenaren saria jaso zuen eta Ander Gonzalezek (Rural Kutxa  Ikolan, Beasain), tartekako helmugen saria.