Txirrindularitza

Mikel Unzillaren zilarra eta Nahia Imazen brontzea Valladoliden

Guaixe 2022ko uzt. 11a, 12:00

Nahia Imazek, eskuinean, Espainiako erlojupeko txapelketan brontzea jaso zuen. FEDERAZIOA

Nafarroako selekzioko txirrindulari etxarriarra junior mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketako txapeldunordea izan zen, gizonezkoetan. Emakumezkoetan, Nahia Imaz hirugarren sailkatu zen erlojupekoan

Asteburuan infantilen, kadeteen eta juniorren Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Valladoliden. Nafarroako selekzioarekin zenbait sakandarrek hartu zuten parte. Junior mailako gizonezkoen lasterketako esprint estuan, Yago Agirre (Euskadi) gailendu zitzaion Mikel Unzilla etxarriarrari (2:54:18). Adrian Martinez 53. sartu zen eta Aimar Tadeo 64. Erlojupekoa Ibai Azanzak (Nafarroa) irabazi zuen (29:55). Mikel Unzilla zortzigarren sailkatu zen, 1:28ra, eta Aimar Tadeo 20., 2:46ra. 

Nahia Imaz, Europako Txapelketan
Emakumezkoen juniorren lasterketa ere esprintean erabaki zen. Laura Ruiz (Kantabria) izan zen txapelduna (2:09:17) eta Nahia Imaz altsasuarra zazpigarren sartu zen. Erlojupekoan Eneritz Vadillo (Euskadi) gailendu zen (35:28), eta Nahia Imaz hirugarren izan zen (36:04). Altsasuarra Anadian (Portugal) egon da egunotan, Europako Txirrindularitza Txapelketetan parte hartzen. 

Kadeteen taldekako dominak
Kadeteetan ere esprintean erabaki ziren dominak. Gizonezkoetan Ruben Sanchezek (Madril) urrezkoa lortu zuen. Iker Gomez altsasuarra hamaikagarren sailkatu zen eta Ekain Imaz altsasuarra hamaseigarren. Emakumezkoetan Paula Ostiz (Nafarroa) helmugara bakar-bakarrik iritsi zen. Leire Urtasun lakuntzarra 23. sailkatu zen, eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra 28.

Gizonezkoen kadeteen taldekako erlojupekoan Nafarroako selekzioa, Iker Gomezek, Ekain Imazek Aitor Igoak eta Sandro Abadiak osatutakoa, hirugarren sailkatu zen. Emakumezkoetan, Euskadiko selekzioa izan zen txapelduna, eta Irene Bonak, Leire Urtasunek, Marta Pelayok eta Ane Beltran de Herediak osatutako Nafarroa, laugarren sailkatu zen, 46 segundora. 

Infantilak
Haurren mailan, Fran Alemanyk (Katalunia) irabazitako proban Luca Martinez lakuntzarra 57. sartu zen. Emakumezkoetan Lidia Castrok (Gaztela eta Leon) irabazitako proban Uxue Juanez altsasuarra izan zen lehen sakandarra, 40. postuan helmugaratu eta gero. Eider Mazkiaran altsasuarra 42. postuan eta bere taldekide Lucia Andueza altsasuarra 46. postuan sailkatu ziren. Ginkanan, gizonezkoetan Luca Martinez 12. sailkatu zen (3:22) eta emakumezkoetan Lucia Andueza 34. (4:11) eta Eider Mazkiaran 37. (4:20).