Herri Kirolak

Aitor Oiarbide, Sanferminetako herri kirol jaialdietan mustuko den lehen sakandarra

Guaixe 2022ko uzt. 8a, 10:30

Aitor Oiarbide aurreko sanferminetako jaialdi batean. ARTXIBOA

Uztailaren14ra bitartean eguerdiro Iruñeko Foru Plazak herri kirol jaialdiak hartuko ditu. Aitor Oiarbide, Aritz Oiarbide, Amets Aristizabal, Mikel Lasarte , Amaia Razkin, Joritz Arratibel eta Andra Mari ariko dira

Sanferminetan herri kirolak bere txokoa du Iruñeko Foru Plazan. Uztailaren 8tik 14ra, eguerdiro, makina bat erakustaldi eta Nafarroako Txapelketa jokatuko dira, eta tartean sakandarrek hartuko dute parte. 

Aitor Oiarbide, harriekin
Uztailaren 9an, larunbata, Nafarroako Harri jasotze Txapelketa jokatuko da. Hiru harri jasotzaile lehiatuko dira: Albaro Zugarrondo, Oskar Aguas eta Aitor Oiarbide etxarriarra. Hiru harri desberdinekin –125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola– bi minutuko txandak izango dituzte. 

Razkin-Arratibel, trontzan
Uztailaren 11n, astelehena, Nafarroako kadeteen mailako Trontza Txapelketa egongo da jokoan. Lehiatuko diren lau bikoteen artean Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako Amaia Razkin eta Joritz Arratibel bikotea daude. Oihan Biurrun-Asier Muñoz (Antsoain), Ander Aldunate-Oihan Santesteban (Antsoain), eta Julen Urrutia-Xabat Altzugarai (Menditarrak) izango dituzte aurkari, eta egin beharreko lana etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egitea izango da. Ondoren, herri kirol proba konbinatuen erakustaldia egingo dute Etxarri Aranazko Andra Mari, Araxes, Antsoain eta Igantzi taldeek kimuen, haurren eta eta kadeteen mailan. 

Mikel Lasarte, motozerran
Uztailaren 13an XXII. San Fermin Motozerra Txapelketa egonen da jokoan eta parte hartzaileen artean Mikel Lasarte dago, Sakanako Harri Jasotze Eskolako arduraduna, hain zuzen ere. Peio Kañamares eta Juan Asin izango ditu bidaide. 30 minutuko bi txandatan, bakoitzean irudi bat egin beharko dute. 

Aristizabal eta Oiarbide, aizkoran
Bukatzeko, uztailaren 14an, osteguna Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da. Guztira bederatzi aizkolarik hartuko dute parte, tartean Aritz Oiarbide etxarriarrak eta Amets Aristizabal urdiaindarrak. Endika Goia, Jacinto Etxekonanea, Ibai Telletxea, Patxi Igoa, Julen Urrutia, Iker Goldarazena eta Eneko Pagola izango dituzte arerio. Bakoitzak bi kanaerdiko erdibitu beharko ditu.