Errigorak suteen ondorioei aurre egiteko diru bilketa hasi du

Guaixe 2022ko uzt. 12a, 13:31

Errigorakoak suteen ondorioei aurre egiteko diru bilketa aurkezten. WWW.HAMAIKA.EUS

Hilaren 15era arte egin daitezke ekarpenak txartelarekin edo kontu korrontean dirua sartuz.

Nafarroan inoiz izandako sute handienek 15.000 hektarea inguru kiskali zituzten garagartzaroan. Garrek makina bat baso, zereal lur, olibadi, mahasti eta bestelakoekin bukatu zuten. Horren jakitun izanik, Errigorak diru bilketari ekin dio. Hilaren 15era arte ekarpenak egiteko deia egin dute. Zehaztu dutenez, jasotako dirua “lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak sustatzeko” izanen da. Horretarako bi lan ildo zehaztu dituzte. Aurrena, “suteak zabaltzea zailtzeko eta herriguneak babesteko suebaki berdeak sortzea”. Eta, atzena, “abeltzaintza estentsiboa sustatzea, ganadua izan dadin suhiltzaile eraginkorrena”. Errigora bera izan da lehen diru ekarpena egin duena: 10.000 euro.

Errigoratik azaldu dutenez, diruaren erabilera seikote batek zehaztuko du: Mirian Otxotorena (Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua), Mikel Tabar (Tafalla-Zangozaldeko basozaina), Victor Rubio (suhiltzailea), Patxiku Irisarri (EHNE), Juan Carlos Castillo (Azkoiengo alkatea eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria) eta Imanol Ibero (nekazaria eta Errigorako kidea). 

Ekarpenak egiteko
Txartelarekin, www.errigora.eus webgunearen bidez. 
Kontu korrontea: ES61 3035 0042 94 0421091052