Igerilekuek ur festa goxoak hartuko dituzte

Guaixe 2022ko uzt. 11a, 13:03
Ur festa goxo batean egindako apar festa. ARTXIBOA

Gozamenez batzordeak antolatutako jarduera horien bidez gazteei sexualitatearen inguruko ikuspegi adeitsua eman nahi zaie. Gazteek gauez bainua hartzeko aukera izateaz aparte, igerilekuan afaldu eta ongi pasatzeko aukera izanen dute.

Gozamenez programaren barnean, eta Sakanako Gozamenez batzordeak antolatuta, bueltan dira ur festa goxoak. Izan ere, pandemiak ez die ur festak aurreko bi urtetan antolatzen utzi. Haien bidez, gazteek ezohiko ordutegi batean, gauez, igerilekua erabiltzeko aukera izanen dute; eta hitzordu bakoitzean hainbat jarduera ludiko izanen dira, esaterako, afaria, jolasak eta beste. Antolatzaileek azaldu dutenez, "horien bidez gazteei ohartarazi nahi diegu gure gorputzak eta zentzumenak plazer iturri eta komunikazio bide direla". Bost hitzordu programatu ditu batzordeak beste horrenbeste igerilekutan, guztiak 12 urtetatik aurrerako gazteei zuzenduta daude. Esaterako, Altsasun, 20:30etik 23:30era hartu ahalko dute bainua eta ur jokotan aritu. 21:30ean afaltzeko aukera izanen da eta 22:00etan aniztasun funtzionala duten gazte sakandarrek dantza ikuskizuna eskainiko diete. 23:00etan Drag Show ikuskizuna izanen da eta 23:30ean txokolate iturria. Gainontzeko saioek ere ordutegi horren barruan eginen dira.

Gozamenez programaren eskaintza horren bidez batzordeko kideek gazteen artean sexualitatearen ikuspegi "positibo, adeitsu, plural eta aberasgarria" eman nahi diete. Programa berak bere sorreratik "sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi du gazteen artean nahiz gazteen eta haien bitartekarien artean (familia, ikastetxea, hedabideak…)". Horrekin batera, "gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi du, gune publiko eta ohikoetan.

Guztia antolatzen duen batzordea honakoek osatzen dute: Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentroko hezitzaileak, Altsasuko Gazteria Zerbitzuko teknikariak, Irurtzungo Etxarri Aranazko eta Altsasuko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio teknikariek eta Etxarriko kultur teknikariak. 

Egutegia

  • Garilak 12, asteartea
    Altsasu.

  • Garilak 18, astelehena
    Irurtzun.

  • Garilak 19, asteartea
    Etxarri Aranatz.

  • Garilak 20, asteazkena
    Lakuntza. 

  •  Garilak 21, osteguna
    Uharte Arakil.