Festetan modu batera edo bestera Euskaraldia presente egoteaz arduratu dira herrietako Euskaraldia batzordeak. Eta euskararen erabilera handitzeko ariketa sozialaren berri ematen lagunduko duena Esazu hitz bat kanta da. Euskaraldiaren hirugarren edizioa iragartzeko abestia eta bideoklipa joan den asteartean aurkeztu zuten. Xabier Zabalaren musika eta Andoni Egañaren hitzekin sortutako abestiari bost abeslarik jarri diote ahotsa: Andoni Egaña hitzen egileak berak, Zea Mays taldeko kantari Aiora Renteriak, Petti musikariak, Maddalen Arzallus bertsolari eta kantariak eta Ainhoa Larrañaga musikari eta aktoreak.
Zer da?
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko* hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Aurreko edizioetan bezala Euskal Herria belarriprest eta ahobiziekin beteko da azaroaren 18tik abenduaren 2ra.
Ariketa edo praktika kolektibo bat da Euskaraldia. Ariketan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu daiteke. Norbanakoek irailaren 28tik aurrera eman dezakete izena. Baina erakunde, enpresa, kirol, kultura, gizarte elkarte edota kuadrillek dagoeneko Arigune gisa izena eman dezakete www.euskaraldia.eus webgunean.