Plazaolaren ibilbidea berreskuratzeko pausoak

Guaixe 2022ko uzt. 13a, 09:01
Oinezkoa Aizkorbetik Irurtzunera Plazaolako bide berdetik joaten. ARTXIBOA

Iruñerriko hiru zatiri dagokion espedientea aurki jendaurrean izanen da.

Plazaola turismo partzuergoak eta Nafarroako Gobernuak Plazaolako trenbide zaharraren trazadura berreskuratzeko lanean jarraitzen dute. Orain arte Andoain eta Sarasa arteko bidea berreskuratu da, nahiz eta abenduko euriteek bidearen hainbat zati hondatu eta haiek konpontzeko lanean ari diren. Trenbide hartan ibiltzen zen trena Iruñetik abiatzen zen eta hiriburura arteko bidea berreskuratzeko beste erabaki bat hartu zuen Nafarroako Gobernuak asteartean: Iruñea eta Irurtzun artean falta den ibilbide zatia egiteko Udalez Gaindiko Eraginaren Plan Sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzen hasteko erabakia. 

Gobernuak jakinarazi duenez, aldaketak trazadura aldaketari eragiten dio hiru zatitan: Oronsospe auzoaren eta Berriozar herriaren artean; Berriogoiti herrigunean eta Añezkar gainean, baita Berriobeitiko desjabetze eremuan ere. Espedientea aurki jendaurrean jarriko da eta ukitutako udalei entzunaldia emango zaie 30 eguneko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.