Cederna Garalur elkarteak, bere ekintzaileak laguntzeko zerbitzuaren bidez, Sakanan 16 enpresaren sorreran lagundu du 2022ko lehen seihilekoan. Denbora tarte horretan 25 pertsonari babesa eta aholkularitza eman dio elkarteak; haietatik 11 emakumezkoak ziren eta 14 gizonezkoak. Ibarrean sortu diren 16 negozio berrien forma juridikoari dagokionez, Cederna Garalur elkartetik jakinarazi dutenez, “guztiak enpresaburu bakar edo sozietate irregular gisa eratu dira”.
Susana Mendinueta Floresek esan duenez, “COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz ziurgabetasun egoera nagusi den arren, urtea oso positiboa izaten ari da abian jarritako ekimen ekintzaile berriei dagokienez, izan ere, aurreko urteetako seihilekoko zifrak gainditu baitira”.
Cederna Garalurren ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuak hastear diren enpresei aholkua emateaz aparte, martxan diren enpresei ere zerbitzua eskaintzen die. Azken horiei dagokienez, lehen seihilekoan, 2 urtetik beherako antzinatasuna duten 15 enpresari (9 emakumezko eta 6 gizonezko) eta 2 urte baino gehiago lanean ari diren 3 enpresari eman dio babesa eta aholkularitza (emakumezko 1 eta 2 gizonezko). Azkenik, Cederna Garalurrek jakinarazi du ekintzaile eta autonomoei zuzendutako sei tutoretza online eskaini dituela. Urtea bukatu bitartean halako gehiago egitea aurreikusi duela gaineratu du.
Harremanetarako
Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan, dauka egoitza Garalurrek. Astegunetan 08:00etatik 15:20ra, pasa daiteke egoitzatik. Harremanetan jartzeko 639 900 336 (Susana) telefonora hots egin edo sakana.admon@cederna.es edo sakana@cederna.es e-postetara idatz daiteke.