Itaiak emakumeen kontrako indarkeria moten errealitatea ezagutzeko inkesta zabaldu du

Guaixe 2022ko uzt. 8a, 12:53

Itaiaren eraso matxisten kontrako protokoloaren prestakuntza saioa. UTZITAKOA

Analisi osatuagoa izateko eta horri aurre egiteko bitartekoak jartzeko Itaiak inkesta zabaldu du.

Itaiako kideek azaldu dutenez, "indarkeria matxistak forma asko har ditzake, eta emakume langileok egunerokoan hainbat indarkeria forma pairatzen ditugu eta egungo krisi testuinguruan indarkeria are gehiago normalizatzen ari da". Horregatik, Sakanaren indarkeria matxistaren adierazpenen errealitatearen gaineko analisi osatuago bat egiteko inkesta zabaldu du Itaiak. Hura anonimoki erantzuteko epea igandean despedituko da. Haren emaitzak "errealitate horri aurre egiteko bitartekoak martxan jartzeko" baliagarria izanen zaie Itaiakoei. 

Galdetegia erantzun nahi duenak adina, generoa eta herria zein dituen zehaztu beharko du lehenik. Ondoren, hainbat indarkeria matxistaren espresioen inguruko aukerak markatu beharko ditu. Ikastetxea, sare sozialak, lagun taldea, festa giroa, bikote kidea edo harreman afektibo-sexualak eta lana esparruetan izan daitezkeen hainbat egoera zerrendatu dituzte eta bizi izandakoak markatzeko eskatzen dute Itaiakoek. Akaberan testigantza emateko aukera dago ere. 

Protokoloa 
Herrietako festak direla eta Itaiakoek "erasoei erantzuteko zein horien prebentziorako tresnak barnebiltzen dituen protokoloa martxan jarri" du Itaiak, "ukaezina baita egun festetan jai eredu kapitalista erreproduzitzen dugula eta horrek berekin dakarrela biolentzia harremanen agerpena, esaterako, biolentzia matxista". Azaldu dutenez, "ideologia matxistak bultzaturik, jai giroan nagusi den sozializazio ereduak emakumea mespretxatzeko, erasotzeko, bortxatzeko edota erailtzeko aurrebaldintzak ezartzen ditu". Ziurtatu dutenez, "jada sozialki, politikoki eta ekonomikoki debaluatua dagoen subjektua, gizatasuna gogorki kentzea ahalbidetzen du biolentzia harreman horien erreprodukzioak. Emakume langileon zapalkuntza betikotuz eta gure askapenerako oztopo bilakatuz".

Gaiarekiko "kontzientziazio falta" ikusten dute. Eta erakundeen protokoloetan "hutsune eta gabeziak". Horregatik, beharrezkoa jotzen dute "indarkeria betikotzen duen errealitatea bere osotasunean aztertzea eta hura gainditzera begira baldintzak jartzea, arreta asistentzialetan erori gabe". Itaiako kideen iritziz, "langileon arteko elkartasunean oinarrituriko antolakuntza urgentziazkoa da, zeinetan denok dugun erantzukizuna eta denok jarri beharra dugun gure aletxoa indarkeria matxistari aurre egiteko eta gure ongizatea bermatzeko". 

Itaiako kideek azpimarratu dutenez "protokoloa antolakuntza integral baten parte da eta jai egun puntual horietan ez ezik, urtean zehar ere indarkeria matxistari aurre egiteko lan egiten dugu". Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatzeko deia egin dute ere.