Astekaria

Plazaolak badu estrategia plana

Guaixe 2022ko uzt. 13a, 13:02

Plazaola turismo partzuergoko gerente Gustavo Ortiz de Barron Marroquin.

Mendialdea eskualdea hartzen du Plazaola turismo partzuergoak egindako plangintzak. Hiru lan ildo zehaztu dituzte: zikloturismoa, mendi ibilbideak eta natura eta ondarea. 2022-2030 aldirako plangintza irekia da, urtero aztertu eta baloratuko dutena.

Arakilgo eta Irurtzungo Udalak kide dituen Plazaola turismo partzuergoak 2022-2030 Estrategia Plana onartu zuen udaberri bukaeran. Han hiru lan ildo jaso dituzte: zikloturismoa, mendi ibilbideak eta natura eta ondarea. Ildo bakoitzak bere ekintza plan zehatza du. Partzuergoko gerente Gustavo Ortiz de Barron Marroquinek azaldu duenez, "dudarik gabe, zikloturismoa eta bide berdearen azpiegitura berez nahiko errotuta dago". Ildo horren inguruan bestelakoak ere badaudela aipatu du: Lekunberriko mendi bizikleta zirkuitua edo errepideko ziklismoa, "eta gehiago landu dezakegu". Baina partzuergoan ikusten zuten lurraldea ez zela bakarrik bide berdea eta zikloturismoa. "Horretaz aparte, gure lurraldeak asko gehiagorako ematen du turismoarendako, bisitariei eta eskualdeko herritarrei erakusteko", esan du gerenteak. 

Estrategian eta plana egiteko parte hartze prozesuan asko baloratu dute eskualdeko paisaia, ondarea, historia, etnografia, hizkuntza. Horregatik, "ondarea sustatzeko lan ildo indartsu bat sortu da". Bestalde, Mendialdeko paisaia, mendi eta ibilbideak ondarearekin zeharkakotasunez sustatu beharra dagoela jaso dute planean. Horrekin batera, Ortiz de Barronek azaldu du natura ildoan, Aralarrek "parte garrantzitsua" duela. Eta gogora ekarri du hainbat eragilek sinatutako akordioa mendia erantzukizunez bisitatzea lortu nahi duena. "Aralarrera jende asko etortzen da, era onean sustatu behar dugu. Jendeak ezagut dezala ez dela ohiko turismo toki bat; eskualdeko ondarea eta natura ezagutzeko eta bertako jendearekin eta kulturarekin harremanetan egoteko tokia da". 

Europako Eurovelo 1 bizikleta ibilbidea (Norbegia-Portugal Iruñean barna) haiendako "estrategikoa" dela esan du Ortiz de Barronek, "horrek, turistikoki, beste dimentsio batera eramaten baitzaitu". Ederbidea bizikleta ibilbidea zabaltzearen ondorioz Belgika edo Herbeeretatik jende gehiago etortzen dela nabaritu dute Lekunberriko turismo bulegoan. "Gero eta herritar gehiago etortzen dira bizikletak eta Eurovelok bultzatuta. Horretan arreta jarri behar da, kanpotik etortzen zaigun merkatu horri harrera egiteko, ahalik eta gehien hona etor dadin eta egonaldi luzeak egin ditzaten". Baina "jakinda argi eta garbi zeintzuk diren gure gertuko merkatuak. Plangintza horietara ere bideratuta dago". Gerenteak azpimarratu duenez, "guretako askoz estrategikoa da Sakanako bizikleta bidea, Arabarekin eta Donejakue bidearekin beste lotura bat lortuko dugulako". 

Prozesua
Mendialdeko eragile publiko eta pribatuen parte hartze prozesu "oparo eta emankorrarekin" hasi zen 2021ean. "Deialdiak ahalik eta zabalenak egin genituen, turismoa oso transbertsala delako", azaldu du gerenteak. Larraunen, Basaburuan eta Leitzan saio ireki bana antolatu zituzten eta jende asko gonbidatu zituzten, nahiko ongi atera zen, jende askok parte hartu zuen". Sakana, Tolosaldea eta Goierriko esperientzien berri ere jaso zuten prozesu horretan. Baita Cederna Garalurrek lehenengo sektorearekin egindako lana ere, "lehenengo sektorea nahiko inportantea da eta oso lotuta dago, gero eta gehiago, turismoarekin". Ondu zuten dokumentua Nafarroako Gobernuaren irizpideekin uztartu zuten. Gaineratu duenez, Nafarroako Gobernuak bultzatuta, Plazaola, Ultzama eta Sakana turismo eskualdea sortu da. "Guztion artean turismo helmuga bateratua sortzea da helburua orain. Bakoitza bere nortasunarekin eta bere produktuekin". Horren inguruan sortutako ildoak Mendialderako sortutako plangintzarekin askotan bat egiten dutela jakinarazi du gerenteak. 

Zortzi urterako plangintza eginda ere, kudeatzaileak nabarmendu du "turismoa da oso aldakorra, eta pandemiaren nabaritu da". Horregatik, urtero aztertu eta baloratuko dute Estrategia Plana. Azken horretarako adierazle batzuk zehaztu dituzte. Gerenteak esan duenez, "dokumentu dinamiko bat da, irekia. Berrikusiko da, beraz, estrategia aldakorra izanen da".