Astekaria

Toki erakundeek 854.938,98 euro jasoko dituzte

Guaixe 2022ko uzt. 14a, 14:00
Irurtzungo eta Arakilgo udaletxeak.

Nafarroako Gobernuak emanen dien diru hori libreki erabaki dezaketen inbertsioetara bideratu dezakete udalek eta kontzejuek. Udalek 780.670,47 euro jasoko dituzte, haien artean banatuko diren 13,2 milioien %5,91 eta kontzejuek 74.268,51 euro, haiei emanen zaizkien 1,8 milioien %4,13.

Ekonomia lankidetzarako tresna izan dadin, Nafarroako Parlamentuak tokiko erakundeen finantziazioaren eredu berria onartu zuen martxoaren 18an. Haren helburu nagusia da bermatzea nahitaezkoak diren udal zerbitzuak Nafarroa osoan ematen direla. Foru Legearen berritasunen artean Kapital Transferentzien Funtsean egindako aldaketak daude. 

Diru sail horretako baliabideak bi lerroen artean banatzen dira: inbertsio programak (lehengo plan zuzentzaileak) eta libreki erabaki beharrekoak. Orain arte, Kapital Transferentzien Funtsari atxikitako Toki Inbertsioen Planek hiru urteko iraupena zuten, nahiz eta batzuk urteren bat gehiago luzatzen ziren. Orain legeak funts berrirako 7 urteko epea ezarri du (2022-2028) eta urtero funtsaren diru kopurua Kontsumo Prezioen Indizearen arabera eguneratuko da. Modu horretan, ekitaldi bakoitzean dagokion zenbatekoa ematera behartuta dago Nafarroako Gobernua.

Hiru lerro
Aipatu funtsak hiru lerro ditu. Batetik, Inbertsio Programak daude, zeinetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzaileari eta Nafarroako Hondakinen Planari lotuta proposaturiko inbertsioak daude. Funtsaren baliabideen %30eko zuzkidura du.

Bestetik, Toki Programazioa dago. Toki entitateek honako arloetan aurkezten dituzten inbertsioak barne hartzen ditu: hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak; zoladura-lanak sareekin; zoladura-lanak sarerik gabe; zeharbideen urbanizazio-lanak; eta toki zuzkidurak. Azpimarratzekoa da eredu berriarekin atal horretan obra mota gehiago sartzen direla, esate baterako, kirol, kultur zentroak, kontzeju etxeak, alokatzeko etxebizitzak eta abar birgaitzeko lanak. Hortaz, atal horri dagokion zenbatekoa, berez murritza dena (funtsaren %40: 12 milioi), obra mota gehiagoren artean banatu beharko da. Legea berandu onartu denez, eta ekonomiaren egoeragatik lanak emateko prozeduretan arazoak daudenez toki erakundeek atal horretako lehenengo obrak 2023an izapidetuko dira.

Determinazio Libreko Funtsa
Azken lerroa udal eta kontzejuek Libreki erabaki beharreko inbertsioak daude. Toki entitate bakoitzak erabakitzen dituen inbertsioak egiteko erabiliko da. Funtsaren %30 erabiliko da xede horretarako. Legea onartu eta bi hilabete zituen Nafarroako Gobernuak udal eta kontzejuen artean 15 milioi euro banatzeko proposamena egiteko; hurrengo urteetan lehen hiru hilekoaren barruan egin beharko du proposamena eta ordainketa bigarren hiru hilekoan eginen du. Banaketa egiterakoan kontuan izan du, batetik, herrien biztanleria eta, bestetik, biztanle guneen geografia sakabanaketa. Udalerri konposatuen kasuan (Arakil, Ergoiena eta Etxarri Aranatz), kontzejuek dagokien dirua zuzenean jasoko dute. Baina aukera dago kontzejuek eta udalak adostea azken horiek dirua jasotzea. Aurten kontzejuek gutxienez 3.000 euro jasoko dituzte. 

Horiek guztiak kontuan izanda, Nafarroako Gobernuak Determinazio Libreko Programaren bidez toki entitateei dagozkion zenbatekoak zehaztu ditu, eta 30 egunez jendaurrean egonen da. 15 milioi eurotatik ibarrak 854.938,98 euro jasoko ditu (diru guztiaren %5,7; sakandarrak nafarren %3,06 gara). Diru horretatik 13,2 milioi udalen artean banatzekoa da eta Sakanako 15ek 780.670,47 euro jasoko lukete (%5,91). Herrialdeko kontzejuen artean 1,8 milioi euro banatuko ditu foru administrazioak eta horietatik ibarreko 15 kontzejuek 74.268,51 euro jasoko dituzte (%4,13). Kopuru horretatik 48.235,05 euro Arakilgo 11 kontzejuen artean banatuko da (Aizkorbek ez du kontzejurik, udalak kudeatzen du zuzenean), Ergoienakoendako 23.033,46 euro izanen dira eta Lizarragabengoakoak 3.000 euro jasoko ditu.

Udal eta kontzejuendako determinazio libreko dirulaguntzak
Entitatea Biztanleria* Dagokion zenbatekoa
Altsasu 7.465 95.436,00
Arakil 962 50.116,57
Ekai 34 3.046,19
Etxarren 157 6.189,96
Etxeberri 60 3.710,72
Egiarreta 77 4.145,23
Errotz 67 3.889,64
Izurdiaga 178 6.726,70
Satrustegi 53 3.531,81
Urritzola 19 3.000,00
Hiriberri Arakil 114 5.090,92
Ihabar 136 5.653,22
Zuhatzu 42 3.250,66
Arbizu 1.109 63.624,00
Arruazu 106 31.812,00
Bakaiku 360 31.812,00
Ergoiena 370 23.033,47
Lizarraga 170 9.130,38
Dorrao 114 7.387,31
Unanu 86 6.515,77
Etxarri Aranatz 2.497 75.002,06
Lizarragabengoa 33 3.000,00
Irañeta 169 31.812,00
Irurtzun 2.247 72.732,00
Iturmendi 411 31.812,00
Lakuntza 1.275 63.624,00
Olatzagutia 1.490 63.624,00
Uharte Arakil 789 59.902,37
Urdiain 661 54.516,00
Ziordia 350 31.812,00
Sakana 20.261 854.938,98
*2021eko abenduaren 31ko biztanleria ofiziala