Osasun publikoaren aldeko hitzordua astelehenetan

Guaixe 2022ko uzt. 11a, 08:41

Astelehenetan osasun etxearen parean kontzentrazioak eginen dituzte mediku falta salatzeko.

Altsasuko osasun etxearen parean bilduko dira astelehero 

Altsasuko osasun eremuan ostiralean mediku faltagatik larrialdiak besterik ez zituzten artatu. Asteartean 9.305 pertsonarendako bi mediku eta pediatra bat zeuden. Asteazkenean, berriz, pediatraz aparte mediku bakarra zegoen. Medikuen falta egunez egun luzatzen ari da. Osasunbideak jakinarazi duenez, jubilatutako mediku bat hasi da Altsasun lanean (duela 30 urte bertan izan zen lanean). Lan Eskaintza Publikoaren emaitzen berrikusketa hilaren erdialdean eginen da eta medikuren batek Altsasu aukeratuko duen ikusteko dago. Agorrilean Hego Amerikako eta Kataluniako mediku bana etorriko direla aurreratu zuten Osasunbidetik.

Bitartean, egunerokoan altsasuar, olaztiar eta ziordiarrek behar bezalako mediku asistentziarik ez dute. Eta luze doa. Horregatik, Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak herritarrak egoeragatik protesta egitera deitu ditu. Osasungintza publikoa defendatu! leloa aukeratu du deialdia egiteko. Altsasuko osasun eremuan dagoen mediku gabezia salatu eta beharrezko osasun arreta eskaintzeko nahikoa profesional eta baliabide egotea eskatuko dute elkarretaratze horietan. Egoera bideratzeko premiazko konponbidea eskatu eta kalitatezko osasun arreta bueltatzea exijituko dute. Kontzentrazioak garileko eta agorrileko astelehen guztietan eginen dira.