PILOTA

Ezkurdia eta Martijaren agurra eta Zabaletaren aukera

Guaixe 2022ko uzt. 11a, 10:50
Ezkurdia eta Albisu. IÑAKI PORTO

Garaipenarekin despeditu dute Sanferminetako Binakako Torneoa Ezkurdiak eta Martijak, baina finalera sailkatzeko aukerarik gabe. Zabaleta eta Irribarria finalera sailkatuko dira, gaur irabaziz gero

Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak hanka okerrarekin ekin zioten Sanferminetako Binakako Torneoari. 2020 urteko Binakako txapeldunek 5 eta 22 galdu zuten Iñaki Artolaren eta Jon Mariezkurrenaren kontra. Kolpe gogorra jaso zuten, baina ez zuten etsi; eta nahiz eta ia aukerarik gabe egon, Jakaren eta Albisuren kontra dena ematera atera ziren atzo, igandea.

Partida oso gogorra izan zen atzokoa, takadaka erabaki zena. Lehen zatian Erik Jaka ikusgarri aritu zen. Kolore guztietako tantoak egin zituen eta protagonismoa hartu zuen. 7 eta 10 aurreratu ziren. Alabaina, hamabiko berdinketaren ondoren, partida erabat aldatu zen. Julen Martijak atzeko koadroetan Albisu ongi eutsi zuen, eta aurrean Ezkurdia nabarmentzen hasi zen. Martijak hiru errebote egin zituen, eta Ezkurdia gailentzen hasi zen. Aldiz, Jakak eta Albisuk behera egin zuten. 18 eta 12 aurreratu ziren sakandarrak. Jakaren bi gantxorekin Baikokoak hurbildu ziren, baina sakandarrek ez zieten aukerarik eman nahi izan. 20 eta 14 aurreratuta zeudela, Ezkurdiak agintea hartu, eta sakez eta buruzgain egindako tantoei esker, 22 eta 14 irabazi zuten. 

Multzo honetan, Ezkurdia eta Martija finalera sailkatzeko aukerarik gabe daude. Jakak eta Albisuk Lasoren eta Mariezkurrenaren kontra asteartean jokatuko duten partidan erabakiko da finalistak. 10 tanto eginez gero Laso eta Mariezkurrena finalerako sailkatuko lirateke. Aldiz, Jakak eta Albisuk, finalean egoteko, 22 eta 9 edo alde gutxiagorekin irabazi beharko liekete Lasori eta Mariezkurrenari.

Zabaletaren finalerako aukera
Irribarriak eta Zabaletak 21 eta 22 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Imazi ostiralean jokatutako partida lehiatu bezain ikusgarrian. Gaur Urrutikoetxea eta Imazi irabazi zioten Altuna III.a eta Rezusta izango dituzte arerio, eta irabazleak lortuko du osteguneko finalerako sailkatzea.