'Kiratsa' da aurtengo Etxepareko irabazlea

Guaixe 2022ko uzt. 11a, 11:57

Eider Perez idazlea eta Iban Illarramendi ilustratzailea, 2022ko Etxepare sariko irabazleak. ETXEPARE SARIA

Iban Illaramendi eta Eider Perez egileen lanak irabazi du Nafarroako 22 toki entitatek antolatzen duten haurrendako album ilustratuen aurtengo txapelketa. Istorioak arkakuso baten abenturak ditu ardatz, eta usainei buruzko gogoeta plazaratzen du.

2022ko Etxepare Sariak badu irabazlea: Kiratsa album ilustratua. Egileak Iban Illarramendi Echabe ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa eta Eider Perez Adeltx idazlea dira, eta Ñimi arkakusoaren istorioa kontatzen du. Haren bidez usaina, lurrina, kiratsa eta abar zer diren ikas dezakete haurrek, usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen baitu album ilustratuak. Egileek 5.000 euroko saria irabazi dute, Pamiela argitaletxeak udazkenean argitaratuko duen liburuen aurrerapen gisa.

Album ilustratu batek testua eta irudiak uztartu behar ditu, eta Etxepare sariko aurtengo epaimahaiaren arabera, "testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, erremaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarrituta". Errezitatzeko eta dibertitzeko "ezin aproposagoa" dela gaineratu dute epaimahaikideek. Ilustrazioei buruz "dotoreak, sofistikatuak eta oso narratiboak eta musikatasunez beteak" direla esan dute. Testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa goi mailakoa dela eta "idazle eta ilustratzaileek album, ilustratu, josatagarria eta harmonikoa" lortu dutela gaineratu dute: "Berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa ematen duena". Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia.

Sariak
Etxepare Nafarroako 22 toki entitateko euskara zerbitzuek antolatzen dute, tartean Sakanako Mankomunitateak, Pamiela argitaletxearen eta Galtzagorri elkartearen laguntzarekin, euskarazko album ilustratuak sustatzeko helburuarekin. Nafarroako Gobernuaren Euskarabidearen babesletza du ere sariketak. Aurtengoarekin hamasei dira lehiaketaren bidez saritu eta argitaratu diren album ilustratuak. 2022ko Etxepare Saria literatur lehiaketara 35 lan aurkeztu dira.

Literatura lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin joa zen Etxepare, baina hemendik aurrera "hertsiki lotuta dagoen beste lan bati helduko" diola esan dute antolatzaileek: "Kulturak duen funtzio linguistikoan sakondu". Kultura iruditegiek bide asko zabaltzen dituztela azaldu dute, baita munduan leku bat egiten lagundu ere, "komunitate bat egituratzen, barne mundua elikatzea, trukea sustatzen eta abar".

Album ilustratuaren harira ere Iruñeko Udalak BikoTeka idazleendako eta ilustratzaileen topaketak antolatzen ditu. Aurtengo edizioan saria jaso dutenak, hain zuzen, topaketa horietan parte hartu dute. "Etxepare Saria, urte luzez, sotzaileen hauspoa izan da".

Egileak
Kiratsa izenburua du Iban Illarramendi Echabe ilustratzaileak eta Eider Perez Adeletx idazleak sortu duten album ilustratua, Etxepare sariaren irabazlea, eta udazkenean argitaratuko dutena. Illarramendik argitaletxeen eta publizitatearen munduan egiten du lan, batez ere. Euskarri ugaritarako egiten ditu ilustrazioak. Gainera, haurrendako ilustrazio esperimentaletako tailerrak ematen ditu, eta hainbat erakusketa egin ditu. Bere sorkuntza unibertsoa natura, itsasoa eta euskal sustraietan inspiratuta dago. Teknika mistoak erabiltzen ditu, eta lettering-ak ere badu tokia bere lanetan.

Perezek Lekore aldizkarian, Txakur Gorria sormen kolektiboaren talde lanetan eta zenbait literatur sariketen bildumetan hainbat testu argitaratu ditu. Hitzen uberan literatur webgunean, Oarsoaldeko hitzan eta Izotzetan islatuak: euskal idazle gazteen bilduma antologian kolaboratu du, besteak beste. 2021ean Alamedako dantzaldia liburua argitaratu zuen. Ane Zubeldiarekin batera Autobiographikal poesia errezitaldi dramatizatua sortu zuen, eta Andre eta Jabe euskal emakume poeten ibilbideari buruzko ikuskizuna egin zuen Leire Etxarreta musikarekin batera. Aurkezle, gidoigile eta sormen irakasle lanetan aritu izan da, eta irudimenaren munduan murgilduta lan egiten du geroztik.