Gobernuak sua aisialdirako erabiltzea debekatu du

Guaixe 2022ko uzt. 12a, 21:10

Jendea Altsasuko Usolarraingo atseden gunean. ARTXIBOA

Baso suteen arriskua dela eta, foru administrazioak Nafarroa osora zabaldu da sua aisialdirako erabiltzeko debekua.

Landa ingurunean sua aisialdirako erabiltzeko debekua Foru Komunitateko lurralde osora zabaltzea erabaki du Javier Remirez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilariak. Baso suteen arrikua indizearen bilakaera kontuan hartuz hartu dute erabakia. Garagarrilaren 15az geroztik debekua Nafarroako hegoaldean zegoen, eta iparraldean orain arte sua aisialdirako erabiltzea baimenduta zegoen baldin eta kanpoan egokitutako espazioetan edota barbakoetan eta autobia edo errepideetako atseden guneetan egiten bazen. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, suhiltzaileak helikopteroz eta dronez azterketak egiteko hegaldiak egiten ari dira baso suteak izateko arriskurik handiena dagoen lekuetan. Bestalde, 112 SOS Nafarroa larrialdiak kudeatzeko zentroa udalerri guztiekin harremanetan jarri da, tenperatura altuek eta landarediari eragiten dion lehorte meteorologikoaren indize oso latzak eragindako egungo egoera meteorologikoaren salbuespenaren berri emateko.

Nekazaritza eta baso lanen murrizketak
Nafarroako Gobernuak gogorarazi du, bestalde, baso suteak eragin ditzaketen nekazaritza eta baso lanetarako makinek (uzta biltzeko makinak, paketagailuak, lasto birringailuak, bulldozerrak, atzera hondeamakinak, prozesagailuak eta baso autokargagailuak) indarrean diren murrizketak bete behar dituztela. Horrela, AEMETek tenperatura maximoengatik abisu horia aktibatzen badu, debekatuta dago makineria hori 14:00etatik 18:00etara erabiltzea. Abisua laranja edo gorria bada, debekuak egun osoa hartzen du. Gaurko meteoalerta laranja da Ebroko Erriberan eta horia Nafarroako Erdialdean. Bihar, asteazkena, maila laranjara igoko da Ebroko Erriberan eta Erdialdean. 

Foru administraziotik, bestalde, gogorarazi dute garagartzaroaren 15etik irailaren 30era bitartean indarrean daudela suaren erabilerari buruzko honako debekuak: debekatuta dago sua erabiltzea zuhaitz, zuhaixka edo sastrakadi landaretzaz estalitako lurretan, hau da, larreetan eta belardietan. Gainera, debekatuta dago uztondoak, basoko hondakinak edo beste landare hondakin batzuk erretzea; errekuntzan dauden objektuak edo sute bat eragin dezakeen edozein material botatzea edo bertan behera uztea, ibilgailuetatik zigarrokinak botatzea barne; eta Nafarroa osoan aisialdirako sua egitea landa ingurunean, ezta horretarako prestatutako lekuetan ere.