pilota

Urzante desafioa, Asperendako

Guaixe 2022ko uzt. 14a, 10:53
Martijak eta Ezkurdiak Sanferminetako Binakako Torneoko arantza kendu zuten.

Aspeko taldeak Baikoko taldeari irabazi zion elkarren kontra jokatutako hiru partidetan. Ezkurdiak eta Martijak 21 eta 22 irabazi zioten Urrutikoetxeari eta Imazi

Atzo, asteazkena, Urzante desafioa jokatu zen Labriten, Sanferminetako pilota feriaren barruan. Aspeko eta Baikoko taldeak lehiatu ziren, hiru partidatan. 

Lau eta erdian, Peio Etxeberriak eta Peña II.ak partida bizia eskaini zuten eta azkenean Aspekoa, Etxeberria gailendu zitzaion Peñari, 14 eta 18. 

Binaka, Ezkurdiaren eta Martijaren eta Urrutikoetxearen eta Imazen arteko partida oso gogorra izan zen. Bi taldeak parez pare aritu ziren, Labriten bildu ziren zaleendako, eta 21eko berdinketaren ondoren, azken tantoak erabaki zuen, hain zuzen ere Ezkurdiaren eta Martijaren alde erori zena (21 eta 22), ikuskizun ahaztezinean. 

Bukatzeko, buruz buruko partidak kolore garbia izan zuen, Aspeko Zabalarena. Zabalak 1 eta 18 hartu zuen mendean atzo bere eguna izan ez zuen Alberdiri.