Osasun eremuarendako "behin betiko konponbidea" eskatu dute

Guaixe 2022ko uzt. 18a, 08:41
Aurreko astelehenean ehun bat pertsona elkartu ziren. Guztiek itzala bilatu zuten. UTZITAKOA

Osasun arretaren okertzea gehiegi luzatzen ari dela eta "behin behineko adabakiak jartzeaz" nahikoa dela diote.

Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak deituta, garileko eta agorrileko astelehenetan kontzentrazioak eginen dituzte Altsasuko osasun etxearen parean. Osasun etxea gehiago zaindu! lelopean aurreneko bilkura aste honetan egin da eta plataformako kideek adierazi dutenez, "urteak daramatzagu ikusten osasun sistema publikoa nola hondatzen den gero eta gehiago. Gobernuek, ordea, ez diote konponbidea eman nahi izan; kontrakoa, diru publikoarekin osasun pribatua indartu dute. Osasun publikoko sistemari ez diote giza eta material baliabiderik eman". Gaineratu zutenez, "osasun sistema publikoa bertan behera uzteko politika horiek sistema pribatu bat bilatzen dute, dirua dutenak bakarrik izanen dute kalitatezko sanitatea izateko aukera. Gauzak horrela segituz gero, osasun txartela eskatu beharrean bankuko txartela eskatuko digute, osasun zerbitzua kobratzeko. Horrelakorik ezin dugu onartu, inolaz ere". Horregatik, "kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala den osasun sistema publikoa mantendu eta indartzea" exijitu zuten. 

Plataformako kideek gaztigatu zutenez, "jubilazioagatik edo bestelako arrazoiengatik baja hartu duten medikuak ez dituzte ordezkatu, eta egoera gero eta larriagoan gaude. Mediku gutxiago egotearen ondorioz, arreta eskasagoa da gaixoarendako, eta osasun langileendako egoera estresagarriagoa da, herritarrei behar bezalako osasun arreta eman ezin dietelako". 

Langileen ordezkariek ere hitza hartu zuten eta nabarmendu nahi izan zuten osasun eremuan dagoen egoera ez dela haien ardura. "Gu ari gara sufritzen mediku falta. Hots egiten duzuenean eta hitzordurik ematerik ez dagoela esaten dugunean, egia da. Ezin dugu ezer egin. Egoera ahal dugun moduan kudeatzen saiatzen gara". Gaineratu zuenez, langileek ulertzen dute jendeak mediku kontsulta premia izatea eta ezezkoa jasotzean jendea haserretzea. Horregatik, azpimarratu zuten egoeraren ardura ez dela langileena, eta haien egoera ulertzeko eskatu zuten.