Astekaria

Hogeita hamar sakandar Babestutako Gizarte Enpleguan

Guaixe 2022ko uzt. 20a, 12:00

Altsasuko udaleko langile bat lorezaintza lanak egiten. ARTXIBOA

Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek (Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu) Babestutako Gizarte Enplegu programak jarri dituzte martxan aurten ere. 19 emakumezko eta 11 gizonezko dira udalendako lanean 151 hilabetez. Kontratazioak egiteko Nafarroako Gobernuaren 283.629,34 euroko dirulaguntza jaso dute .

Babestutako Gizarte Enpleguaren helburua gizarte bazterkerian dauden edo arriskuan dauden pertsonen lan kontratazioa da, hain zuzen, lan merkatuan lanpostuak eskuratzeko eta mantentzeko zailtasunak dituztena. Sakanan Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen bidez kontratatzen dituzte. Haietako 11 zuzenean udalendako lanean ari dira eta gainontzeko 19ak Irurtzungo eta Altsasuko mankomunitateen programa banatan ari dira. Horien bidez langile horiei laguntza ematen zaie trebezia soziolaboralak eta lanbide trebeziak ikasteko eta, aldi berean, interes kolektiboko jarduera bat egiten dute. 

Nafarroan halako programen bidez 968 pertsona kontratatu dira, beraz, 30 sakandarrak %3,09 dira.  Kontratazio horiek egiteko Eskubide Sozialetako Departamentuak 7.270.716,02 euro bideratuko ditu 45 toki entitateetara; Sakanak %3,9 jaso du, eta sakandarrak nafarren %3,06 gara. Gobernuak jakinarazi duenez, aurten aurreko urtean baino %38 gehiago bideratu da Babestutako Gizarte Enplegu programara, Europako Gizarte Funtsetik datozen 3 milioi euroei esker, REACT EB funtsen bidez. Funts horien helburuetako bat da kalteberatasun egoeran dauden pertsonei lan merkatuan sartzen laguntzea, gizarte sistemetara eta gizarteratze neurrietara iristea eta pobrezia desagerraraztea.

Hiru eremuak 
Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak hamar pertsona kontratatu ditu (Sakanan Arakil eta Arruazu arteko herriak hartzen ditu). Haietako zazpi (hiru emakumezko eta lau gizonezko) Iturraskarri proiektuan lanean ari dira. Haietatik seik urte erdirako kontratua dute eta zazpigarrenak lau hilabetekoa (30 orduko lan astea). Eskualdeko ondarea eta natura zaindu eta babesteko proiektua da Iturraskarri eta parte hartzaileek, begirale baten laguntzaz aritzen dira. Aurten, besteak beste, bide garbiketak, itxiturak egin, zubi konponketak, iturri garbiketak eta aska paratzeak, eta orokorrean tokiko ondarearen zainketa lanak eginen dituzte. Udalek egiten duten eskaeren arabera, batean edo bestean aritzen dira lanean. Gainontzeko hiru kontratatuak (bi emakumezko eta gizonezko bat) eskualdeko bi udalendako ari dira lanean zerbitzu anitzetako lantaldean. Bi lanaldi osoan ari dira eta besteak 30 orduko lan astea du. Guztiek sei hilabeteko kontratua dute. 

Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bidez zortzi pertsona kontratatu dira (Lakuntza eta Urdiain artekoa da bere eremua). Haietako hiruk urte erdiko kontratua dute (bi gizonezko eta emakumezko bat), beste lauk hiru hilabetekoa (emakumezkoak) eta batek hilabete batekoa (emakumezkoa). Eremuko udalendako lanean ari dira eta guztiek ikastaro bat jasoko dute. Haren bidez iturgintza, elektrizitate ezagutzak jaso eta enplegua aktiboki bilatzen ikasiko dute. 

Altsasu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak dozena bat pertsona kontratatuko ditu aurten (Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia hartzen ditu). Mankomunitatearen helburua da kontratatzen dituzten pertsonak urte batez aritzea. Kontratuak ikasturteka egiten dituzte. Horregatik,  aurreko urtean Babestutako Gizarte Enpleguan aritu ziren pertsona batzuek aurten segitu dute eta aurten hasi diren batzuek heldu den urtean segituko dute. Horregatik, kontratuen iraupena desberdina da

Hamabietatik bederatzi (6 emakumezko eta 3 gizonezko) urte hasieratik ari dira lanean. Horien lanaldiak bost eta hamar hilabete artekoak dira (5,67; 3,97; 9,70; 9,80; 10,03; 7,17; 6,73; 6,47; 6). Orain hasi eta urte bukaera bitartean ariko diren hiruetako bi emakumezkoak dira eta bestea gizonezkoa. Haien lanaldiak bat eta hiru hilabete artekoak dira (1,5; 1,00 eta 3,00). Mankomunitatearen eremuko bi udaletan ari dira langile horiek lanean. Haietako lau pertsona proiektu batean parte hartzen ari dira, eta, horregatik, haiekin begirale bat ariko da sei hilabetez. Haien lana udalaren lantaldearekin koordinatuta dago. 

Babestutako Gizarte Enplegu programaren bidez kontratatutakoak
Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea Kontratuak Hilabeteak Iraupena Lana Dirulaguntza  
Irurtzun 10 54 Iturraskarri proiektuan 7 kontratatu
6 urte erdirako eta bat 4 hilabeterako

Udalendako lanean 3 kontratatu
6 hilabeterako
Udalendako 101.430,36  
Etxarri Aranatz 8 25 6 hilabeteko 3 kontratatu

3 hilabeteko 4

Hilabete bateko 1
Udalendako 46.958,50  
Altsasu 12 72   Udalendako 135.240,48  
Guztira 30 151     283.629,34