Nafarroako Gobernuak kamioiendako bidesariak kobratuko ditu etorkizunean Iruñea-Behobia errepidean (NA-121-A), Ebroko Autobian (A-68), Iparraldeko Autobian (A-1), Sakanako Autobidean (A-10) eta Leitzarango Autobidean (A-15). Hau da, 3,5 tona baino handiagoa den kamioia duten garraiolari sakandarrek bai edo bai ordaindu beharko dute. Hedabideek argitaratu dutenez, baliteke Gipuzkoako Foru Diputazioak Etzegarateko portuan bidesaria kobratzeko baliatzen duen arku bera baliatzea Nafarroako Gobernuak bidesaria ezartzeko. Hala balitz, ziurrenik, ezarriko litzatekeen aurreneko bidesaria hori litzateke. Nafarroako Gobernutik gogorarazi dutenez, “bidesariak jarriko diren bost bideetatik zirkulatzen duten ibilgailu astunen ia %90 Nafarroatik kanpokoak dira”.
Onartutako legea Europar Batasunaren garagartzaroaren 17ko 1999/62/EE Zuzentarauan oinarritzen da, zeinak ibilgailu astunei bide azpiegiturak erabiltzeagatik karga-tasak aplikatzea arautzen duen. Foru administrazioko arduradunak “nork erabili, horrek pagatu” printzipioan oinarrituta, esan dutenez, “errepide erabileraren gaineko kanona Nafarroako Ogasun Publikoaren baliabide gisa sortzen da. Tarifak bere egitekoa beteko du kostu horiek erabiltzaileei ordainaraziz”. Bildutako dirua erabiliko du bide mantentze eta ustiapenerako ekintzak finantzatzeko, baita azpiegitura berriak eraiki eta horiei loturiko zerbitzuak ezartzeko ere, zeinak, kasua bada, Nafarroako Errepide Sareari atxikiko baitzaizkio”.
Bidesaria kobratzeko arkuak jarriko dituzte autobien gainean eta kamioiak haien azpitik pasatzean ordaindu beharko dute. Horretarako, gidariek dagokien gailua eduki beharko dute ibilgailuan, baldintza operatiboetan erabilera ahalbidetuko dutenak, bestela, gobernuak esandakoari jarraituz, matrikula zenbakia ordainbide bati lotzeko informazioa eman beharko dute. Kanona ordaintzetik salbuetsita daude administrazio publikoaren ibilgailuak edo azpiegituraren kontserbatze eta mantentze lanen esleipen hartzaile diren enpresenak, bai eta larrialdi eta istripuetakoak eta Europar Batasuneko araudiaren arabera salbuetsita daudenak ere.
Horrekin batera, enpresa publiko bat sortuko da, Nafarbide, kamioien bidesariaren ezarpena kudeatuko duena. Haren egoitza Arakilen kokatuko dela jakinarazi zuen foru administrazioak, Etxeberri parean, Irurtzundik atera nahi den errepideen mantentze gunearekin batera. Arakilgo Udalak Etxarrengo Ardantzeta industrialdean kokatzea proposatu dio Nafarroako Gobernuari.