Azken lau legegintzaldietan hirigintza planaren berritzea Ergoienako Udalaren mahai gainean egon ondoren, azkenik, onartu egin da. Gaur egungo hirigintza araudia 1998tik dago indarrean. Ergoienako Udala 2008an hasi zen hura berritzeko lanak egiten, baina Nafarroako Gobernuaren eskuetara iristean ez zuen aurrera egin. Foru administrazioaren aurrean hainbat ahalegin egin ondoen, aurreko legegintzaldian lortu zuten ergoendarrek Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatzea eta plana egiteko dirulaguntza jasotzea. Legegintzaldi honetan udalaren helburuetako bat zen plana onartzea, orain arte 1998koari egindako moldaketekin egin baitute aurrera. Bestalde, plan haren garapena txikia izan da. Ez dira aurreikusitako unitateak garatu.
Ikusirik azkenaldian ibarrean egin diren etxe gehienak jabeek sustatu dituztela, eta etxebizitzak eraikitzeko promozio handirik ez dela behar, dauden herri guneak eta haien ertzak osatzera jo dute plan berria egitean, “egungoarekin bat datorren herrien garapen harmonikoa” sustatuz. Indarrean dagoen planean Ergoienan 160 etxebizitza egiteko aukera eskaintzen zuen; berriak, berriz, 180. Haietatik Lizarragan 67 aurreikusi dira (lehen 72), Dorraon 50 (lehen 44) eta Unanun 63 (lehen 44). Unanun, Ondatz bide frontoiaren ondoan, urbanizazio bat garatzeko aukera jasotzen du proiektuak eta, horregatik, aurreikusi dira han etxe gehien. Emeterio Senar Elso alkateak azaldu duenez, “Lizarragan eta Dorraon etxeak egiteko proiektuak zeuden, baina hainbat arrazoirengatik ez dute aurrera egin. Urte txarrak heldu dira, baina horrek ez du esan nahi etorkizunean ez direnik eginen”. Bestetik, Ergoienak duen biztanleriarekin kezka azaldu du alkateak.
Aurreikusitako etxeak eginen balira, kale berriak eraiki beharko lirateke, baina bitartean daudenak dauden moduan utziko dira. Hori bai, Unanuko Kontzejuak erabaki bat hartu beharko du. Izan ere, autobus geltokiaren eta mediku kontsultategiaren artean dagoen bidegurutzean errotonda bat egin edo ez erabaki beharko du. Gaur egun autobusek han buelta emateko arazoak dituzte. Lur eremuak hartuta borobila eginen balitz, autoek ongi emanen lukete buelta, baina autobusek arazoak izaten segituko lukete.
Lizarragako Zaldukozubi industrialdeari dagokionez, hura Utzubar aldera handitzeko aukera aurreikusten du plan berriak. Hasiera batean ibarreko bi errepideak (NA-120 eta NA-7100) lotzen dituen Lizarraga eta Unanu arteko bidean errepide bat egin eta haren parean industria eremu estrategikoa sortzea aurreikusi bazen ere, erreserban utzi dute, eremua lur urbanizatu ezin izendatu dute, baina garatzeko aukerarekin.