Arakil ubeldean eta Urdalurren lanak egiten ari da Konfederazioa

Guaixe 2022ko uzt. 20a, 09:03
Urdalurko uberka barruko galeria. ARTXIBOA

Uholdeen arrastoak garbituko ditu eta uberkako galerietan  mantentze lanak eginen ditu.

Urdalur urtegia erabiltzeagatik Sakanako Mankomunitateak Ebroko Hidrografia Konfederazioari (EHK) ur hornidura kontzesioagatik  kanona ordaindu behar dio. Heldu den urtean metro kubiko bakoitzeko 0,0922349822 euroko kanona ordainduko du. Bestalde, Estatuak, uholdeen kontrako babesa eta gainerako onura orokorrengatik, 51.967,49 euro ordainduko dizkio. Normalean, Mank-ek urteko kanonaren %80 ordaintzen du eta Estatuak %20. 

Kanon horren zati bat mantentze lanetarako bideratzen du EHK-k. Joan den urtean filtrazioak eragozteko urtegia hustu eta uberkaren paretan iragazgaizte lanak egin zituzten. Aurten, berriz, uberka barruko galerien argiak berritu eta aireztapena hobetzeko lanak eginen dituzte. Azken horrekin, kondentsazioa murriztu nahi dute. 

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren Babes Zibileko Zerbitzuaren gidalerroei jarraituz, EHK-k emergentzia plana egin behar du. Urdalurri dagokionez, erredakzioa ia despeditzear dute. Han jasoko da telekomunikazio aretoa egin edo hobetzea eta, uberka hautsiz gero, herritarrak gaztigatzeko abisu sistemak jartzea. Idatzita dagoenean jakinen dute inbertsioa zenbatekoa den. 

Uholdeak 
Abenduaren 10eko uholdea aspaldiko handiena izan zen eta hainbat kalte eragin zituen. Lehen fasean ezohiko uholdeen ondoren EHK-k Erribera aldean ibilguetako kalteak eta defentsarako azpiegitura hidraulikoak konpontzeko lanak egin zituen lehenik. Bigarren faseari ekin dio orain eta 20 jarduera egitea aurreikusten ditu. Haietako bat Arakil ibaiaren arroan. 

EHK-tik azaldu dutenez, ubeldea zuhaitzez, adarrez eta bestelako zaborrez garbitzen ari dira Arakilen gaur egun. Hango lanak despeditu ondoren, Uharte Arakilen, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun ere garbiketa lanak eginen dituzte. Era berean, lur azaleko higadurak konponduko dituzte Uharte Arakilen eta Urdiainen. EHK-ko arduradunek ez dute baztertzen lanak egin ahala beste batzuk sortzea.

Erlazionatuak