Aizkora

Aritz Oiarbide eta Amets Aristizabal, finalera

Guaixe 2022ko uzt. 15a, 10:05
Aritz Oiarbide eta Amets Aristizabal, Sakanako herri kirol egunean. ARTXIBOA

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen atzo, osteguna, sanferminetan eta Donamariako finalerako sailkatu dira

Atzo, osteguna, sanferminetako herri kirol txapelketetako azkeneko saioa jokatu zen Iruñeko Foruen Plazan. Tartean, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen. 
Bederatzi aizkolari lehiatu ziren finalerako bost txartelen bila, tartean Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen diren Aritz Oiarbide etxarriarra eta Amets Aristizabal urdiaindarra. 

Bi kanaerdiko moztu behar zituzten, eta azkarrena Eneika Goia izan zen (7:40), Patxi Igoaren (8:07) eta Aritz Oiarbideren (8:09) aurretik. Laugarren Ibai Telletxea sailkatu zen (8:34) eta bosgarren Amets Aristizabal (9:46). Boskote honek abuztuaren 14an, 12:00etan Donamarian jokatuko den Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako final handian lehiatuko du. 

Iruñeko kanporaketan, Julen Urrutia seigarren izan zen, Eneko Pagola zazpigarren, Jacinto Etxekonanea zortzigarren eta Iker Goldarazena bederatzigarren, baina finaletik kanpo geratu ziren.