Txirrindularitza

Erroma-Sakana, 11 egunetan

Maider Betelu Ganboa 2022ko uzt. 20a, 14:30
Mikel Astiz Erro eta Antton Zelaia Etxarri abenturaren hasieran, Vatikanoko San Pedro basilikaren aurrean. UTZITAKOA

Antton Zelaiak eta Mikel Astizek Erroma-Sakana erronka solidarioa arrakastaz burutu zuten: Erromatik atera eta Sakanara bizikletaz iritsi ziren, 11 egunetan, eta Bicicletas Sin Fronterasen aldeko kanpainan Senegalera 25 bizikleta bidali ahal izateko dirua lortu zuten

Antton Zelaia Etxarri urdiaindarra eta Mikel Astiz Erro ihabardarra maiatzaren 28an abiatu ziren Erromatik eta ekainaren 8an iritsi ziren Sakanara, bizikletan. Aurretik, Bicicletas Sin Fronterasen Gobernuz Kanpoko Erakundearen aldeko crowfunding kanpaina solidarioa abian jarri zuten, Senegalerako 25 bizikleta erosteko, bertako gaztetxoek urruti dituzten ikastetxeetara bizikletan joan-etorria egiteko aukera izan dezaten. Azkenean, bi helburuak lortu zituzten: Erroma eta Sakana bizikletaz lotzea, 11 egunetan, eta crowfundingean Bicicletas Sin Fronterasek Senegalerako 25 bizikleta bidaltzeko diru ekarpena lortzea. Esperientziarekin “oso pozik” dago bikotea.

Fiumicino, abiapuntua
Zelaia eta Astiz Italiara hegazkinez iritsi ziren, Erromatik 30 kilometrora dagoen Fiumicino aireportura, bizikletak eta bestelako materiala hegazkinaren zamategian bilduta zeudela. “Justu egun bat lehenago lortu genuen crowfunding kanpainan Bicicletas Sin Fronterasek Senegalera 25 bizikleta bidali ahal izateko diru kopurua: 4.500 euro. Horregatik, oso kontentu ekin genion gure erronkari, eta oso eskertuta gaude kanpainan parte hartu duten guztiekin” aipatu du Zelaiak. Guztira, 4.896 euro jaso zituzten kanpainan, GKE-ra bideratu dituztenak. 

Senegalera 25 bizikletak bidaltzerko dirua lortuta ekin zioten erronkari, pozik

Kalkuluak
Bi asteko oporrak hartu zituzten erronka egin ahal izateko. “1.700 km inguru zirela bagenekien, baina, azkenean, gehiago atera ziren. Egunean 150 km inguru eginda 12-13 egunetan Sakanara iritsiko ginela aurreikusten genuen, eta kalkulu horiekin ibili ginen. Hurrengo kanpalekua edo herria 170 km-ra bazegoen, distantzia luzatzen genuen. Laburtu, soilik bukaera aldera egin genuen, asko aurreratua genuelako. Azkenean 11 egunetan osatu genuen erronka” dio Zelaiak. 

Astiz eta Zelaia kirolari peto-petoak dira, eta gustura osatu dute bidea. Nekea behin etxera iritsita sumatu omen zuten biek, bidean ez. Gutxi gorabehera aurreikusten zuten planteamendua bete zela diote, egunen eta km kopuruen aldetik. “Behin 185 km egin genituen. GPS-a bizikleta moduan jarri genuen, baina autobia batera bideratu gintuen. Jakina, ezin ginen autobian bizikletarekin sartu, eta atzera egin behar izan genuen, nahikotxo, eta partzelaria eta bide nahiko txarretatik ibili behar izan ginen” kontatu du Zelaiak. GPS-arekin ere kontuz ibili beharra dago, beraz. Gehienbat Google Maps aplikazioa erabili zuten, baina tarteka Wikiloc eta bestelako aplikazio batzuk ere bai.

Erromako kaosa
Lehendabiziko etapa Fiumicino aireportutik Ladispolira egin zuten, Erromatik pasatuz. “Bizikletarekin pasatu ginen Erromatik. Koliseoa eta San Pedro plaza ikusi genituen, eta hiri turistikoa izaki, jendetza zegoen, Koliseoan bereziki. Erroma erokeria absolutua zen: trafiko izugarria, jendetza... Dena den, bizikletan ongi moldatu ginen” oroitu du Zelaiak. Kanpinetan hartzen zuten atseden gehienetan, “izan ere, horrenbeste kanpin daude bertan. Dutxa hartu, bestelako zerbitzuak erabili eta bizikletak ere seguru zeuden”.  

Italiako kostaldetik egin zuten aurrera: Pisa –dorrea polita omen da, bitxia–, Genova…. Frantziara sartu eta Kosta Urdinean aurrera egiteko: Niza, Monako, Cannes... Bizikletan bidaiatzen ez ziren bakarrak. “Zikloturista asko daude, hemen baino gehiago. Batez ere jende heldua, gazte gutxi. Heldu asko zegoen bizikleta elektrikoarekin eta alfortxekin bidaiatzen. 60 urtetik gorakoak, 70 urtekoak ere. Europa iparraldean eta Frantzian kirola egiteko eta bizikletan mugitzeko beste ohitura bat dago eta uste dut gehienak hangoak zirela, ongi prestatutakoak. Gu kirolariak gara eta martxa onean ibili ginen, baina eurek lasai zihoazen, disfrutatzen, distantzia laburragoak egiten” azaldu du Zelaiak. 

Herri eder horietan gelditzeko tentazioa izan ote zuten galdetuta, ezetz diote biek. “Bidea egiten disfrutatzen dugu guk, bizikletan ibiltzen. Dena den, arratsaldeko bostak edo seiak aldera iristen ginen eguneko helmugara, eta denda muntatuta bueltatxo bat ematen genuen” azaldu dute. 

Bizikletarekin ez dute sustorik izan. “Bueno, Mikel Nizan erori egin zen” dio Zelaiak. “Ointokiak berriak ziren. Bidegurutze batean ez nuen ointokia atera, eta erori nintzen. Baina ez nuen aparteko minik hartu. Nizan bainutxo bat hartuta konpondu genuen arazoa, toki ikusgarrian” erantzun du Astizek, irribarrez.

Esperientzia ederra eta bikaina izan da biondako; aurreikusitako plangintza bete da

Kosta Urdina
Italiatik Frantziara sartzean paisaia ez zen apenas aldatu, kostan jarraitzen baitzuten. “Jendea bai, frantziarrak serioagoak direlako”, diote. Antton Zelaiak turismoa ikasi zuenez, ingelesa eta frantsesa ikasi zuen eta bi hizkuntza horiekin moldatu ziren bidaian. “Italiera berehala ulertuko genuela uste nuen, baina hitz solte batzuk izan ezik, ez genuen tutik ere ulertzen. Ingelesez moldatu ginen Italian” dio urdiaindarrak. “Honekin edonora joan zaitezke. Zuk hitz egin! esaten nion nik, edonora iristen ginenean” aitortu du ihabardarrak. 

Italian eguraldi oso ona izan zuten. “Oro har, eguraldi ona izan genuen bidaian. Soilik hiru egunetan egin zuen euria, azken aurreko egunean, Nafarroara sartu ginenean (kar, kar...) eta Italia eta Frantzia muga horretan. Baina kostan hotzik egiten ez zuenez, xira jartzearekin nahiko” aipatu dute. 

Pirinioak ezkerrean
Kosta Urdinean, Monakotik aurrera jarraitu eta Marseillara eta Montpellierrera iritsi ziren. Beziersetik gora hasi ziren, Pirinioak alboan zituztela, haiei jarraiki iparralderantz, Garona ibaian gora, Canal du Midi segituz. “Une oro Pirinioak ikusten genituen ezkerraldera begiratuz gero. Hor hasi zen kontrako haizea, Toulouse bidean” gogoratu du Zelaiak. Eguraldiaren aldetik, okerrena hori izan zen, haizearen kontra ibili behar izan zuten tartea. “Gogoratzen dut egun osoa haizearen kontra ibili ginela, eta azken sei orduak mortalak izan zirela” dio Zelaiak. “Carcasona aldean izan zen, eta hori euria baino okerragoa izan zen” ados dago Astiz. Gainera, egun horretan ibilbidea luzatu zuten. 175 km egin zituzten, “kanpinarengatik eta berez burugogorrak garelako. Haraino iritsi behar genuela esan genuen, nola edo hala, eta haraino iritsi ginen. Baina kristoren paliza hartu genuen” aitortu dute. 

Kostaldea atzean utzita, ibilbidea bera gogortu egin zen, orografiagatik. “Garona ibaia Mediterraneoan hiltzen da, eta guk kontrako bidea egin genuen, azpitik gora. Hasieran haizea kontra genuen, baina gero alde jarri zitzaigun” oroitu du Astizek. 

Antton Zelaia: "Zikloturismoa egitera animatzen dut jendea. Oso gomendagarria da"

Orreagatik
Ibilbidean gora egin zuten. Nafarroara Orreagatik sartu ziren, erromesen moduan, Ibañeta portutik. “Eta hor, euria eta hotza. Etapa Burgin despeditu genuen, eta landetxe batean hartu genuen ostatu. Ze gustura!” oroitu dute irribarrez. Gorputzei merezitako omenaldia. 

Esperientzia bikaina
Erroma eta Sakana bizikletan lotzeko erronka solidarioa esperientzia oso ona izan dela diote biek. “Polita izan da. Orain arte bakarrik egin izan ditut halako bidaiak, baina Mikelekin gustura ibili naiz. Mutil jatorra da. Bidaia ona, eta esperientzia bikaina izan da” azaldu du Zelaiak. Iritzi berekoa da Astiz. “Ongi moldatu gara” berretsi du. 

Zelaiak ez zuen Italia ezagutzen, eta oso polita iruditu zaio. Baita Frantzia ere. Astiz duela bizpahiru urte egona zegoen Italian, Cinque Terren. “Pena eman zidan Anttonek hiri horiek ez ikustea, oso politak direlako, baina goitik ikusi genituen. Izan ere, dena ezin da. Esaterako Monako. Hau ere goitik ikusi genuen. Jaistea ordu bat litzateke, igotzea beste ordu bat... ezinezkoa zen”. 

Gutxien gustatu zaiena Marseilla izan da. “Izugarri handia da, ez nuen uste horren handia izango zenik. Kontua da ostiralean iritsi ginela, une txarrean, eta lo egiteko tokia ez genuela aurkitzen. Leku oso bitxietatik pasatu ginen, ghettoetatik. 19:00etan oraindik lo egiteko tokirik gabe jarraitzen genuen, eta hurrengo herrira joateko hiri-inguruko kanpoaldeko auzoetatik pasa behar izan ginen. Beldur pixka bat pasa genuen, erretako autoak, arropa lurrean... halakoak ikusi genituelako. Baina aurrera egin eta gau hartan ongi egin genuen lo, hotel batean. Sekulako gosari onaz gozatu genuen hurrengo egunean” oroitu du Zelaiak.

Mikel Astiz: "Haizea kontra izan genuen eguna izan zen okerrena; bestela, primeran"

Zikloturismoa, gomendagarria
Zikloturismoaren defendatzaileak dira dira biak. “Bidaiatzeko gomendagarria da guztiz” dio Astizek. “Jendea zikloturismoa egitera animatuko nuke. Ez da behar egunean gu bezala egunean 150 km egitea, inondik inora. Guk kirolariak garelako egin dugu hori. Egunean 30 km egin daitezke, edonork egiten du hori, eta 10 egunetan 300 km egin dituzu. Hemendik Madrilera joan zara, esaterako. Behin arrebarekin eta seme txikiarekin Frantzian, Landetatik gertu, ibilbide bat egin genuen eta turismoa egiteko modu oso polita da. Mundu guztiari gomendatzen diot” gaineratu du Zelaiak. 

Senegalgo ekimena buruan
Antton Zelaia eta Mikel Astiz oso pozik daude Erroma-Sakana erronka egin izanagatik eta ekimen solidarioari esker Senegalgo neska-mutikoak eskolara joan ahal izateko Bicicletas Sin Fronterasek 25 bizikleta erosi ahal izan dituelako. Gizartez Kanpoko Erakundeak egiten duen lana eredugarria iruditzen zaie biei. “Senegalen eskolak distantzia handira daudenez, 10-15 km, gaztetxo askok ikasketak hasi baina uzten dituzte. Bicicletas Sin Fronterasen proiektu honekin, bizikleten bidez eskolaratzea sustatu nahi da. Senegalgo ikastetxeen bidez gazteei bizikletak alokatzen dizkiete, prezio oso sinbolikoan, euren konpromisoa lortzeko, eta eskolara joatea errazagoa da eurendako" gogoratu du Zelaiak. 

Hurrena?
Behin elkarrekin bidaiatzen hasita, Pandoraren kutxa zabaldu dute eta ziur aurrerago beste ibilbide zikloturista bat etorriko dela. Gustatuko litzaieke, argi dago. “Bicicletas Sin Fronterasek Senegalen egiten duen lan ikusgarria zuzenean ikustea polita litzateke. Gure ekimen solidarioari esker erositako 25 bizikletak nora iritsi diren ikusi nahi genuke, haurrak bisitatzea. Hura ikusteko jakin-mina dugu. Horrela, egindako erronka solidarioaren zikloa itxiko genuke” dio Zelaiak. “Marokon bizikletak hartu, Mauritania gurutzatu eta Senegalera iristea polita litzateke, bai” gaineratu du Astizek. “Nahi genuke, baina bidaia luzeagoa litzateke, zailagoa, tartean basamortua dagoelako... baina hor du xarma, horrek egiten du erakargarri. Polita litzateke” egiten dute amets. Nork daki?