Txirrindularitza

Iker Begiristain hirugarren Iturmendin

Guaixe 2022ko uzt. 19a, 10:30
Lasterketa bukaera. Iker Begiristain, hirugarren. MARTIN EARLY

Kadeteen mailako III. Iturmendi Saria esprintean erabaki zen

Ostiralean kadeteen mailako III. Iturmendi Saria jokatu zen, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatutakoa. Iturmendi eta Etxarri Aranatz artean prestatutako zirkuitu batean 59 km osatu behar izan zituzten txirrindulariek, bero sapa izugarriari aurre eginez. Azkenean, boskote bat iritsi zen batera Iturmendiko helmugara eta esprint estuan Agurtek taldeko Lander Otxoa de Aspuru gailendu zitzaien Caja Rural Ikolan taldeko Ander Gonzalezi eta Quesos Albeniz taldeko Iker Begiristain urdiaindarrari (1:34:59). 38 segundora Ekain Imaz (Q. Albeniz), Iker Gomez (Q. Albeniz) eta Oihan Gorriti (Sakana Group) sartu ziren, 10. 12. eta 20. postuetan. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Eñaut Oiarbide (Sakana G.) 28. sailkatu zen, Hegoi Garcia (Q. Albeniz) 29., Ekaitz Perez (Q. Albeniz) 32. eta Andoni Yerai Bedoya (Q. Albeniz) 38., guztiak 54 segundora. Taldeka Caja Rural Ikolan gailendu zitzaion Quesos Albenizi, eta tartekako helmugaren saria Lander Otxoa de Aspuru txapeldunak lortu zuen.