FRANTZIAKO TOURRA

Bandera zuria jaso du Pogacarrek

Etapa garaipenarekin konformatu behar izan du esloveniarrak, bere taldeak sekulako lana egin ondoren; Vingegaard aise dabil, hanka batekin eutsi dio lidergoari

Pirinioetako bigarren etapak orain arte ikusitakoa berretsi du: Pogacarrek ezin du Vingegaard liderrarekin, eta eguneko sari txikienarekin konformatu behar izan du: etapa garaipena. Bere taldeak sekulako erakustaldia eman duelako egin du ahalegina, Mikkel Berg eta Brandon McNultyk lan aparta egin baitute Vingegaard isolatu eta bakarrik uzteko. McNulty estatubatuarrak merezi zuen etapa gehien, baina Pogacar azken metroraino saiatu da, Vingegaard-ek etapa lapurtu ziezaiokela jakitun. Txaloak merezi ditu UAEk. Mikkel Berg-ekin erritmoa estutu dute aurrena Hourquette d'Ancizan-en. Ondoren McNultyk egin ditu Val Louron-Azet eta Peyragudes, bakar-bakarrik. Kale egin duena liderra izan da, Tadej Pogacar. Kale, edo bera baino gehiago izan da Vingegaard-en aurrean amore eman. Eta horraino eztabaida. Pogacar-ek eraso bakarra egin du egun osoan, eta hori etapa irabazteko izan da.

Etapa oso bizia izan da berriro, eta espero bezala, ihesaldirik ez da gauzatu Aspin mendatea hasi aurretik. Lutsenko eta Pinot joan dira bakarrik, baina atzetik hamaika txirrindulari saiatu dira. Tartean zen Romain Bardet, atzo txakalaldi latza jasan ostean motibazio bereziarekin. UAE-ren erauntsia etorriko zela jakina zen, eta etorri da. Berg-ek aurrena, McNultyk gero, aurretik zihoazen guztiak harrapatu eta txikitu dituzte. Hainbesterako, McNulty bera bakarrik geratu dela bi ziklista indartsuenekin, Vingegaard eta Pogacar-ekin.

Helmugan alde ikaragarriak egon dira, eta gaur galtzaile INEOS taldeko bikotea izan da: Adam Yates eta Tom Pidcock. Yates 9. posturaino jaitsi da sailkapen nagusian, eta Pidcock 15.era, jota. Geraint Thomas, aldiz, bikain aritu da, onena izan da liderra eta Pogacar-en ondoren, eta podiumeko hirugarren koska ziurtatu du berea ez den terrenoan, Nairo Quintanaren moduko igotzaile trebeak atzeratuz. Gauzak normal, sailkapen nagusiko lehen hiru postuak ziurrak dirudite, baina Top 10eko postuek aldaketa handiak jasan ditzakete. Ziklista guztiak muga-mugan doaz, eta gaur denbora galdu dutenek bihar galdutakoari buelta ematen saiatuko dira nola edo hala.

Bihar Pirinoetako azkena korrituko da eta ikuskizun dago UAEk ze jarrera hartuko duen. McNultyk eta Berg-ek jipoi handia hartu dute gaur, eta bihar ez dira gaur bezain indartsu egongo. Jumbok ez du etapa garaipena bilatuko, eta litekeena da Pidcock, Vlasov, edo Quintana bera ihesaldia bilatzen saiatzea, urrunetik, etapa irabazi eta nagusian postutxoren bat aurreratzeko. Hiru mendate gogor daude 140 kilometroko etapa laburrean. Bi mitikoak, Aubisque eta Hautacam, biak gogorrak eta luzeak. Ezezaguna da, aldiz, Spandelles, ez baita inoiz igo Tourrean. 10 kilometro da luze, eta %8.3ko batez besteko pendiza du. Errepidea, gainera, estua da, zoru lakarrekoa, igoera itoa, eta ezusteko handiak gerta litezke.